Amurrioko Alderdi Popularrak "herriko fatxadetako, hormetako, pertsianetako eta eskaileretako” egoera salatu du, “kartelak, pankartak eta pintadak” direla eta. Alderdiko bozeramaileak, Montse Canivek, salatu du “pertsona talde txiki bat herria zikintzera dedikatzen” dela, eta nahiz eta “mundu guztiak" jakin nortzuk diren, "inpunitate osoz” margotzen dutela kritikatu du.
Era berean, alkatetzari leporatu dio horrelako “gizabidearen kontrako jokabideak" ez salatzea, nahiz eta Amurrioko biztanleei urtero “gastu handia” suposatzen dioten. “Urteko herritarren zergetako milaka euro gastatzen dira beste alde batera begiratzeagatik eta errudunak ez zigortzeagatik”, gehitu du Alderdi Popularreko ordezkariak.
Azkenik, Canivek gehitu du ez dela pintadak garbitzea edo pankartak kentzea agintzen: “Urritik daude pintada batzuk, eta oraindik ez dira kendu”. Gauzak hala, udalaren “utzikeria” nabarmena dela adierazi du Canivek.