Orain Amurrioko kideek oharra plazaratu dute biharko deitua dagoen greba orokorra babestu eta mobilizazioetan parte hartuko dutela jakinarazteko. Gauzak hala, bihar eguerdian Gasteizen eta 18:00etan Amurrion egingo diren manifestazioetara batzeko deia zabaldu dute.
Talde politikoaren aburuz, “1.000 arrazoi” daude biharko deialdiarekin bat egiteko. Hainbat eragile eta mugimenduren borroka eta aldarriak aipatu ditu prentsa oharrean: Pentsiodunenak, mugimendu feministarenak, ikasleenak, ekologistenak, migratzaileenak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo etxebizitza eskubidearen aldeko taldeenak eta “lan baldintza duinen alde borrokan dauden langileenak”.