16:30ean zegoen deituta arratsaldeko piketea Amurrion, baina patxadaz hartu dute grebalariek bere jarduna. Izan ere, bi negozio besterik ez dituzte topatu irekirik, Landako Taberna, zeinak itxi duen, eta Eroski.
Eroskin piketearen eta langileen arteko eztabaida luzatu da eta, azkenean, 6 ertzain agertu dira supermerkatuan. Talka bukatu ostean, piketea Juan Urrutia plazara joan da eta manifestazioa prestatzen hasi da.
Manifestazioak ibilbide luzea egin du eta joko aretoan, Correosen, Lanbiden, Gizarte Segurantzan, epaitegian eta plazan bertan gelditu da.
Toki bakoitzean aldarrikapen bat nabarmendu dute. Gazteek prekarietatea jarri dute jomugan, pentsiodunek euren borrokaren helburua, sindikatuek kapitalismoari aurre egiteko beharra eta feministek zaintza eta autodefentsaren balioa.
Berriak supermerkatuko langileek pankarta atera dute eta eskerrak eman dizkiete grebalariei. Eurek ere txalo zaparrada jaso dute.
Azkenik, Juan Urrutia plazan berriro pentsiodunen bozeramaile batek hartu du hitza borrokaren garrantzia nabarmentzeko.
Horren ostean, Valvospain enpresako ordezkari batek gogoratu du euren egoera kritikoa dela. Hala ere, azpimarratu du borrokatutakoari esker lortu dutela orain arte lantegia irekirik jarraitzea.
Bukatzeko, grebalari gazte batek aiaraldearrak zoriondu ditu grebak izan duen eraginatik.