“84 kinto izango gara aurten”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 7a, 14:40

ADRIAN FERNANDEZ PEREZ eta LEIRE EGIA ARRIOLA (Amurrio, 2002) dira aurtengo kintoetako bi. Gaur arratsalde eta gauerako prestatu duten festaren inguruan mintzatu dira. 

Zuek antolatuko duzue gaurko kintoen festa. Zer prestatu duzue?

Hainbat talde kontratatu ditugu festa animatzeko: erromeria, DJa eta elektrotxaranga egongo dira.

Zein da gaurko plana?

7an goizean eskolaz eskola joango gara. Herrigunean abestuko dugu gero. Arratsaldean, Bidekon bazkalduko dugu; eta iluntzean elektrotxaranga, erromeria eta DJa egongo dira ondo pasatzeko.

Zergatik animatu beharko lirateke gainontzeko gazteak?

Gure ustez aukera paregabea egongo da Amurrioko giroaz gozatzeko. Gazteen jaialdia izango da, elkar ezagutu eta ondo pasatzeko.

Zein beste ekintza egingo dituzue?

Otsailaren 4an, asteartean, talde bakoitzak Amurrioko gune batean abestuko du, dirua lortzeko. Larrinbera, Maroñora, Lezamara... joango gara baserrietatik kantatzera. Gauean gure artean egingo dugu festa tabernaren batean.

Nolakoa izan da aurtengo antolaketa?

84 kinto izango gara aurten. Ostiralero egin dugu bilera denon artean gauzak antolatzeko. Horrez gain, Markosek entrenatu gaitu abestia ikasi eta erritmoa eramateko. Hilaren 4an eta 7an dena ondo ateratzea nahi dugu. Ardurak guztion artean banatu ditugu, nahiko ondo antolatu dugu.

Zelan moldatu zarete entseguetan?

Kosta zaigu, baina ondo!

Kintoak tradizio handiko jaia dira. Zer da zuentzat kinto izatea? Nola bizi duzue zuek?

Zaila da azaltzea guretzat kintoa izatea zer den. Nire ustez, gure adineko guztiak biltzeko aukera zoragarria da. Pertsona batzuek egunero ikusten dugu elkar, baina beste batzuekin ez. Txikiei ilusioa egiten die pegatak banatzeak, eta gu abesten ikusteak.

Nolakoak izango dira pegatak ba?

Whatsapp taldera bidali zituzten hiru edo lau zirriborro, eta bertan bozkatu genuen. Oso ondo atera dira.

Kintoak agurtzeko modu dira zuentzat?

Nolabait esateko, bai. Zaraobe Institutuan gauden guztiok gure bidea hartuko dugu hemendik aurrera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide