Amurrioko auzo bakoitzeko beharren eta lehentasunen inguruko diagnosiak egingo ditu udalak, martxoko auzo asanbladak hobetzeko asmoarekin eta auzoetako ordezkariekin bilerak egin baino lehen. Modu horretan, bilera horietan diagnosietan jasotako informazioa izan ahalko dute hizpide, tokiko erakundeak azaldu duenez.
Jasoko den informazioak auzokideen iritzia izango du aintzat. Kaleetako eta espaloietako egoeraren, trafikoaren, seinaleen edota garraioaren inguruan duten pertzepzioa baloratuko da, besteak beste. Era berean, auzo bakoitzeko garapen ekonomikoaren eta zonaldeko populazioaren bilakaeraren inguruko balorazioak ere egingo ditu tokiko erakundeak, betiere biztanleen ikuspuntua irizpide nagusi gisa izanda.
Informazioa biltzeko, auzoetako biztanleei galdeketa egingo die udalak. Martxoan egingo diren auzo asanbladetan aztertuko dira ondorio guztiak.