Amurrio Trailek Euskal Mendizale Federazioarekin batera antolatu zuen ekitaldia. Antzokia jendez bete zen, 330 lagun baino gehiagorekin. Taldearen ibilbidea eta ekimenak izan zituzten hizpide hasierako hitzartzeetan. Babioko igoeraren eta trail taldearen ekimenetako irudiekin erakutsi zituzten urtean zehar buruturiko ekimenak. Bide batez, aurten udalerrian egingo diren mendi probak aurreratu zituzten: Amurrio Trail Lasterketa ekainaren 27an izango da, eta Gorobel mendi ibilaldia, aldiz, azaroaren 1ean.
Adar soinuek ireki zuten ekitaldia. Jarraian, "goazen mendirik mendi" abestia kantatu zuen Amurrioko Asperen abesbatzak, irrintzi eta guzti. Aimara antzerki taldeko bi kideren eszenek jarri zuen umorea segidan. Guztira, ordu eta erdiko ekitaldia burutu zuten, Zigor Iturrieta mendi korrikalariaren eta Iratxe Estrada kazetariaren gidaritzapean.
Josune Irabien alkateak eta Jose Ramon Alonso Euskal Mendizale Federazioko lehendakariak hartu zuten hitza lehenbizi. Amurrioko alkateak ekitaldia bertan egitea ohorea zela azpimarratu zuen, eta mendiarekiko lotura izan zuen hizpide: "Mendiak balore eta sentimenduak ekartzen dizkigu: askatasuna, errespetua... Goza dezagun mendian, naturan eta bizitzan". Jose Ramon Alonsok, berriz, galaren 24. edizioa kokatu zuen. Horrez gain, Loli omendu zuten, 1959an goi mendietako taldean aritutako emakume aintzindaria, berriki zendua.
Sari eta aitortza ugari
Mendizaletasuna ardatz, sari mordoa banatu zituzten. Amadeo Ezpeleta Urkiak eraman zuen Euskal Herriko iraupen luzeko mendi ibilbideen saria. Ibilbidearen Saria, berriz, Eneko Aliende Zeziagak eskuratu zuen. Mendi Lasterketen saria, ordea, Oier Ariznabarreta Agirrerentzat izan zen. Eskiak ere izan zuen tartea, mendi eskiko jarduera onenaren izendapena Igone Campos Odriozolak jaso zuelarik. Ekaitz Maiz Urretabizkaiak, ostera, jarduera alpinistikoaren aitortza etxeratu zuen.
Gwa Ya taldeak girotu zuen omenaldia, Pirenayca aldizkariko kideen sari banaketarekin jarraitu aurretik. Hala, ekitaldiaren bigarren txanpari ekin zioten aldizkariko eduki bisitatuenak eta beste aitortuta. Aiara Dantza Taldeko Aitor Aspuruk dantzatu zien agurra saridun guztiei.