“Ez dira batailak, izenak eta erregeak bakarrik azaltzen liburuan, gizarte kontuak ere azaltzen dira”

Julen Solaun Martinez 2020ko ots. 27a, 07:00

Miguel Antonio Cabeza bere liburua eskutan duela. / Miguel Antonio Cabeza

MIGUEL ANTONIO CABEZAk (Amurrio, 1966) Aiara Medieval historia liburua argitaratu berri du. Aiaraldeko herriak Erdi Aroan nolakoak ziren argitzen saiatzen da amurrioarra, eta garaiko gizartearen, erlijioaren edo ekonomiaren inguruan hitz egiten du. Liburua egiteko ikerketa mende hasieran hasi zuen, unibertsitatean historiako doktoretza ikasten zegoela, baina ia bi hamarkada pasatu izan dira ikertutakoak zabaldu dituen arte.

Zer motatako liburua da Aiara Medieval?

Aiaraldeko Erdi Aroko historia kontatzen du. Adibidez, liburuaren azpititulua Poblamiento, sociedad, economía y poder en la Tierra de Ayala (ss. VIII-XVI) da. Orduan, populazio horiei buruz hitz egiten dut liburuan zehar, garaiko herriak eta baserriak nolakoak ziren eta haien osaketa nolakoa zen azalduz. Ea populazioa dispertsatua edo kontzentratua zegoen, erlijioa eta estruktura eklesiastikoak eta garaiko gizarteko botere erlazioak ere ditut hizpide liburuan: kultura, hizkuntza eta horrelakoak.

Dena dela, orain egiten den historiografia da guk egin duguna, amaitzen saiatu garena. Ez dira batailak, izenak eta erregeak bakarrik azaltzen liburuan.

Zer dela eta aukeratu duzu garai historiko hori?

Liburua Erdi Aroari buruz ari da, eta horiek dira, hain zuzen ere, Erdi Aroko mendeak. Historialarien arabera, VIII. mendea da Erdi Aroko hasiera, eta XV. mendearen amaieran edo XVI. mendean amaitzen da. Orduan, nik egin nahi nuena hori zen, Erdi Aro osoa ikertzea.

Denboraren poderioz aldatzen joan dira herrien estrukturak. Ez dira berdinak hasierako populazioak edo ikertutako epeko amaierakoak. Populazioak, ekonomia, gizartea, botere politikoa, erlijioaren ikuspuntua, erlijiositatea edo kultura, adibidez, mendeetan zehar aldatzen doazen gauzak dira. Adibidez, gizartean zuten erlijiositate mota Erdi Aroaren amaieran aldatu zen. Gai horiek guztiak azaltzen saiatu naiz liburuan.

Nola erabaki zenuen liburua idaztea?

2000ko hamarkadan, unibertsitatean ikasten ari nintzela, ikerketa lan bat egin behar izan nuen. Lan hori Erdi Aroko Aiaraldearen ingurukoa izan zen. Hori da liburuaren oinarria eta funtsa. Hortik aurrera, urte batzuk geroago, egindakoa berridatzi nuen, eta argazkiak gehitu nizkion lanari. Hori da zergatia.

 

“Ikerketa alde batera utzi nuen, baina lana kaleratzea komenigarria izango zela pentsatu nuen ostera, publiko orokorrak ikusi dezan”

 

Nolakoa izan zen ikerketaren prozesua?

Nahiko luzea izan zen, urtebete eman nuen idazten eta ikerketak egiten. Amaitzean, hor utzi nuen eta, urteak pasa eta gero, hori kaleratzea komenigarria zela pentsatzen hasi nintzen. Maketazioa egitea, argazkiak gehitzea eta lana bukatzea. Hori guztia egin eta gero, liburua kaleratu nuen.

Unibertsitateko ikerketa zergatik izan zen Aiaraldearen ingurukoa eta ez beste kontu baten ingurukoa?

Karrera bukatzean, ikasten jarraitu nahi baduzu, doktoretza kurtsoak dituzu egiteko. Bi ikasturte eman behar dituzu doktoretza kurtsoan eta bigarren urtean ikerketa lana egin behar duzu gainditu ahal izateko. Ikerketa hori eskualdeko Erdi Aroaren inguruan egitea pentsatu nuen, ni Aiarakoa naizelako.

Nola bizi izan zenuen ikerketa egitearen prozesua, urte batzuetan zehar alde batera uztea eta gero berriro bueltatzea?

Lehenik, aipatu beharra dago ikerketa egin baino lehen iturriak kontsultatu behar direla. Iturriak dokumentalak dira batez ere, iturri idatziak. Bibliografiarekin egin behar da ikerketa. Bestela ezin da ezer idatzi, hipotesi, tesi eta prozesu guztiak iturrietan oinarritu behar direlako. Hori gabe, ez litzateke historia izango, beste gauza bat izango litzateke.

Bibliografiak eta tokiko bisitaldiak ere beharrezkoak dira, eszenografia eta lekuak ikusteko. Gero, esan duzun bezala, ikerketa alde batera utzi nuen. Baina lana kaleratzea komenigarria izango zela pentsatu nuen ostera, publiko orokorrak ikusi zezan. Ez nuen unibertsitatean bakarrik geratzea nahi.

 

“Amurrioko baserrien inguruko lan bat egitea gustatuko litzaidake, edota argazkien inguruko bat garatzea”

 

Jabi Aspuruk eta Ramon Zurimendik idatzi dute liburuaren sarrera. Zer kontatzen dute?

Aspuru nitaz ari da, ni nor naizen azaltzen du. Berak ondo ezagutzen nau, nire Lanbide Heziketako irakaslea izan baitzen. Zurimendik, ordea, kultura ikuspuntutik egin du hitzaurrea.

Biak dira Aztarnak elkarteko kideak, eta horrela aurkezten dira. Aurkezpena egiten lagundu didate. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet hori egiteagatik. 

Etorkizunari begira, baduzu ikerketak egiten eta publikatzen jarraitzeko asmorik?

Proiektu mota asko ditut ikerketekin, narratibarekin edo beste idazki mota batzuekin jarraitzeko. Historiari dagokionez, adibidez, Amurrioko baserrien inguruko lan bat egitea gustatuko litzaidake, edota argazkien inguruko bat garatzea. Baina hori denborarekin ikusiko dut ea posiblea den.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide