Eskualdeko zenbait ordezkari egon ziren Bilboko Berdinsareako bileran

Julen Solaun Martinez 2020ko mar. 10a, 11:00

Josune Irabienek hartu zuen parte batzarrean, besteak beste. / Eudel

Euskal Autonomia Erkidegoko hirurogeita bederatzi herrik parte hartzen dute sarean.

Amurrioko alkatea, Josune Irabien, egon zen pasa den ostegunean Bilbon egindako Berdinsarearen Batzar Politikoaren bileran. Gentza Alamillo Aiarako alkateak eta Loli Muriel Laudioko alkateordeak ere parte hartu zuten.

Irabienek adierazi du erakundeak “berdintasunerako tokiko politiken abangoardian egon nahi duten udalen partaidetzarako sare gisa” balio duela, eta “irizpide komunak eta ekintza bateratuak adosteko” aukera eskaintzen duela.

Era berean, tamaina txikiko herrientzako plataforma “lagungarria” dela ere gehitu du Irabienek, beste herriek haien “praktika onak eta baliabideak” partekatzen baitituzte.

2020ko lehenengo batzar horren helburua datorren urteetarako lan-plana adostea izan zen, eta honako gai hauek landu behar dituztela zehaztu zuten erakundean: “Genero-ikuspegia duten jaiak, biktimen erreparazioa eta indarkeria matxistaren prebentzioa, genero-ikuspegia tokiko politiketan eta udaletako politikarien eta teknikarien prestakuntza”.

Eudelek koordinatua eta Emakunderen laguntzarekin, dagoeneko Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 69 udalerrik parte hartzen dute sarean eta biztanleriaren %80 baino gehiagori ematen diote babesa.

Ezaugarri bezala, udalek eurek diseinatzen eta zuzentzen dituzte sarearen betebeharrak eta, batzorde eta lantaldeen arteko lana izanik, politikarien eta teknikarien arteko elkarlana indartzen dela uste dute Berdinsareatik,

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide