Otegi: “EAJk beti beharko du zortea irabazteko, guk behin baino ez”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mar. 7a, 07:00

Hitzaldia eskaini zuen atzo Arnaldo Otegik Amurrio Antzokian. Ehundik gora lagun bertaratu ziren EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren gogoeta eta galderen erantzunak entzutera.

Zaldibarko zabortegiaren gaiari heldu zion lehenbizi Otegik. Zaborraren kudeaketa publikoa izan behar dela aldarrikatu zuen politikariak, eta horren kudeaketan mugimendu ekologistak parte hartu beharko lukeela defendatu zuen, besteak beste.

Datorren apirilaren 5eko hauteskundeei begira jarri zen jarraian. Aurreratu zuenez, erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoa egongo da, EH Bilduko kidearen ustetan, “baldin eta EAJ eta Podemos gehiengo horretan sartzen baditugu”. Alderdi jeltzalea garaitzea zaila izango dela aitortu zuen, hala ere "baina ez ezinezkoa". “EAJren arrakastetako bat da garaiezina denaren itxura ematen duela, baina ez dago alderdi garaiezinik. Euskal Herria EAJ baino feminista, ekologista eta sozialista edo berdinzaleagoa da. EAJk beti beharko du zortea irabazteko, guk behin baino ez”. Zentzu horretan, Otegik ziurtatu zuen EAEn gauzak aldatzeko beharrezkoa dela EH Bildu indartsu egotea.

Ildo beretik, Gemma Zabaleta, Dani Arranz, Manuel Diaz de Rabago eta Javier Madrazok EH Bilduri eskainitako atxikimendua modu positiboan baloratu zuen Otegik: “Ez dira independentistak, baina independentistak izaten amaitzea espero dut”. Zentzu horretan, subiranotasuna lehen mailako kontraesana dela azpimarratu zuen koalizio abertzaleko koordinatzaile nagusiak, eta “hemen eta dena” erabakitzearen aldeko borrokan berretsi zen.

Madrilgo gobernuari dagokionez, politikariak erantsi zuen "ate bat irekita” utzi dietela. “Gobernu hau dagoen tokian egoten lagundu dugu, eta bertan mantentzea nahi dugu, pausoak ematen badituzte”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide