Gaur zendu da Garikoitz Ibarrola Etxebarria, 38 urteko amurrioarra. Alabaina, koronabirusak sortutako salbuespen egoera medio, ezingo da agur ekitaldirik egin. Ondorioz, herritarrek familia eta lagunei babesa adierazteko balkoietan gauzatuko dute deialdia, 21:00etan. "Ahalik eta lagun, ezagun eta herritar gehienei iristeko zabaldu dugu mezua", argitu dute. Mendiko Lagunak elkarteko kidea zen gaztea, "Indar Torreta Amurrio Futbol taldeko intxadaren parte izan zen ere; eta ehiza, mendi kirola zein ingurunearekin edota kulturarekin lotura estua izan zuen".
"Gogorra da berez maite dugun norbait galtzea, baina are senideei besarkadarik eman ezin zaien garai hauetan, musu eman edo batera negar egiteko", adierazi diote senideek Aiaraldea komunikabideari. Hori dela eta, gaztearen lehengusu eta lagunek iluntzean Amurrioko balkoietatik familia osoari babesa helaraziko diete. "Agur Gari, izar berri bat piztera zoaz Euskal Herriko zeru gainean", erantsi dute gertukoek.