Amurrioko aurrekontuetarako moldaketak proposatu dituzte EH Bilduk eta Orain Amurriok

Julen Solaun Martinez 2020ko mar. 25a, 10:18

Aurrekontuetarako emendakinak proposatu dituzte bi taldeek. / Aiaraldea.eus

Proposatutako neurri gehienak koronabirusak sortuko duen krisi ekonomikoari aurre egitera bideratuak daude.

Koronabirusaren krisiak Amurrion sortuko duen kalte ekonomikoa leuntzeko asmoarekin, neurriak hartzeko eskatu diote EH Bilduk eta Orain Amurrion alkatetzari, bakoitza bere aldetik. Neurri hauek oraindik onartu gabe dauden udal aurrekontuetan sartzea espero dute bi talde politikoek.

EH Bilduk, Covid-19ak sortutako egoera konpontzea “guztion ardura” dela gehitu ostean, hiru proposamen plazaratu ditu, “ondorio ekonomikoak ahal den neurrian arinduko dituztenak”: Udal-laguntzen partida 200.000 eurotan handitzea, berariazko partida bat sortzea birusak eragindako egoerei aurre egiteko -200.000 euro inbertituta- eta saltoki txikiei, autonomoei edo tokiko ekoizleei laguntzeko partida bat sortzea, beste 200.000 eurokoa”.

Horrez gain, “hainbat proiektu aurrera ateratzeko” dirua ere eskatu dute. Landazuri Etxearena da horietako bat: 40.000 euroko zuzenketa proposatu dute Landazuriren inguruko balizko erabiltzaileen, adinekoen eta profesionalen arteko parte-hartze prozesu bat egiteko. Kultur Etxeari dagokionez, 80.000 euro gehiago bideratzea eskatu dute, “instalazioak eta altzariak hobetzeko”.

Gainera, enplegua “lehentasuna” dela adierazi dute, eta langileen kontratazioa sustatzeko zuzenketa bat ere aurkeztu dute. “Alde batetik, herriko jendea kontratatzeko aukera emango luke eta, beste aldetik, udalean dugun langile-defizita arintzeko balioko luke”, ziurtatu dute.

Orain Amurriok, bere aldetik, jakinarazi du ez duela aurtengo aurrekontuetan osoko emendakina aurkeztuko, koronabirusaren afera dela eta. Hortaz, udalak "aurreikusitako inbertsioekin jarraitu eta sortzen ari diren behar sozioekonomikoei erantzun behar diela” uste du taldeak, murrizketa ekonomikoak alde batera utzita.

Proposatu dituzten neurrien artean honako hauek daude: zerga eta tasen murrizketak, alokairua ordaindu behar duten biztanleei eta dependentzia duten pertsonei laguntzak edo komertzioei bideratutako diru-laguntzak, besteak beste.

Dena den, honako emendakin partzial hauek proposatu dituzte: Berdintasun espazio baten sorkuntza, udaleko biltegien egokitzapena (“segurtasunerako eta aktibitatearen efizientziarako urritasun nabarmenak baitituzte”), udal eszenario baten erosketa, trantsizio eta efizientzia energetikoaren inguruko ikerketa (beroketa globalari aurre egiteko neurriak zehazten laguntzeko) eta Aresketamendin energia berriztagarrien parkeari bultzada bat emateko prozesu pate hartzailea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide