Mubea-Inauxa datorren asteartera arte egongo da zabalik, eta enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientea aurkeztuko dute gero

Txabi Alvarado Bañares 2016ko mar. 26a, 19:58

Mubea-Inauxako langileak, artxibo irudi batean.

Enpresa Batzordeak adierazi du erabakia "inflexio-puntua" eragingo duela langileen eta zuzendaritzaren arteko harremanetan, enpresako buruek euren hitzari "muzin" egin diotelako.

Datorren martxoaren 31ra arte egongo da irekita Mubea-Inauxako lantegia eta enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientea aurkeztuko du zuzendaritzak gero.

Enpresa Batzordeak negatiboki baloratu du erabakia. "Zoritxarrez, jakinarazi behar dugu Mubea-Inauxako Zuzendaritza, Alfredo Santos Marcos eta Víctor Gallaga de los Mozosek ordezkatua, bere hitzari muzin egin diola", salatu dute langileen ordezkariek.

Sindikatuek azaldu dute euren jarrera "lankidetzan" oinarritu dela hasieratik, "langile guztien segurtasuna bermatuko zuten neurriak bilatzen". Plantillako 15 kide berrogehialdian daudela nabarmendu dute komiteko kideek eta, horregatik, ekoizpena berehala ez gelditzea kritikatu dute. "Ez dakigu zein diren enpresaren interesak, pentsatu nahi dugu ez direla ekoizpen-zifrak ustezko 'familia-enpresa' hori osatzen dugun pertsona guztien osasunaren aurretik jartzen, baina ezin dugu partekatu jarduera 3 edo 4 egunez mantentzeko asmoa, ondoren ERTE bat planteatzeko", salatu dute.

Gauzak hala, sindikatuek uste dute hartutako erabakiak "inflexio-puntua" ekarriko duela langileen eta zuzendaritzaren arteko harremanetan, enpresak "sinesgarritasuna" galdu duelako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide