Amurrioko Gazte Asanbladak berrogeialdira egokitu du bere jarduna

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko api. 2a, 07:00
Gazte Asanbladak ez du izango etenik berrogeialdian. / Amurrioko Gazte Asanblada

Telematikoki egingo dituzte zenbait ekintza: gitarra tailerra eta bilerak kasu.

"Gaztetxean egiteko edo eskaintzeko genituen ekintzak egoera honetara egokitu ditugu", dio Maddalen Muguruza Gazte Asanbladako kideak. Igandero izaten dute, esaterako, gitarra tailerra, "eta orain telematikoki jarraituko du aurrera". 

Kontzertu eta aisialdi eskaintzarekin ere eutsiko dute jarduna: "Aiaraldea Zainduz dinamikarekin bat eginez, ekarpena egin nahi diogu Amurriori. Horretarako poltsak edo kamisetak egiteko txantiloiak nola egin zabaltzeko modua sortzen gabiltza, baita etxean egiteko tresnak eta gomendioak ere". Aurreratu duenez, musika emanaldiak ere lotu dituzte, "disko jartzaileak, hala nola". 

Antolatzeko modu berriak
Berrogeialdiak etxean geratzeko beharra eragin du. Ez hori bakarrik, baita antolatzeko modu berriak finkatzeko premia ere. "Gitarra tailerrean parte hartzeko izena ematea eskertuko genuke, klaseak hobeto antolatzeko. Gainontzeko ekintzak guztiontzat eskuragarri egoteko bideo edo bestelako baliabideak sortuko ditugu", zehaztu du. Biltzeko sistema ere aldatu dute, online bidezko asabladak abiatu dituzte eta: "Ostegunetan 17:00etan da bilera telematikoa. Batzeko linka sare sozialen bidez zabalduko dugu".

Jakintzak elkarbanatzea helburu
"Amurrioko Gazte Asanbladak egoera honen aurrean ere alternatibak sortzen jarraitu nahi du", erantsi du Muguruzak, "gazteen jakintzak elkarbanatu eta kolektibizatzea izan da kaleko eskolen helburua, eta horrekin segi nahi dugu". Zentzu horretan, edonoren proposamenak jasotzeko modua luzatu dute, "tutorialak nahi duenak egiteko, edo guri bidali eta guk editatu edo igotzeko". Horretarako amurriokogazteasanblada@gmail.com helbidera bidali daiteke mezua, edota asanbladaren sare sozialetako kontuetara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide