“Espero dugu jendeak guk bezain beste gozatzea Cyberpunk 2077 jokoarekin”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko api. 3a, 08:00

Varsovian (Polonia) bizi eta lan egiten du IMANOL DELGADOk (Amurrio, 1994). Cyberpunk 2077 bideojokoaren 3D ingurugiroak diseinatzen ari da.

Nola iritsi zara bideojokoen munduan lan egitera?

Oso gaztea nintzela hasi zen dena, egia esan. Nire lehen ordenagailua 8 urterekin izan nuen eta 10 urterekin zenbait programa nire kabuz ikasten ari nintzen dagoeneko. Hasieran ordenagailu bidezko grafikoak interesatzen zitzaizkidan soilik. Efektu bisualak aztertzen hasi nintzen gero, zinemara enfokatuago daudenak. Baina beti izan dut 3Da lantzeko gogoa. Argazkigintza ikasi ostean konturatu nintzen paisaien argazkiak erretratuak baino gehiago interesatzen zitzaizkidala. Horrek eraman ninduen, bideo-jokoak ikasterako orduan, inguruneen 3D artean zentratzera.

Zeintzuk dira eman dituzun pausoak?

20 urte bete nituenean, 2015. urtean alegia, Bartzelonan zegoen estudio independente batean hasi nintzen lanean. 3D inguruneen artista bat bilatzen zuten eta barneko ikasle gisa sartu nintzen. Handik denbora batera kontratatu ninduten eta orduan hasi zen dena, ordutik hona ez naiz gelditu.

Bertan bi urte igaro ostean, ¨outsourcing¨ (azpikontratazioa) egiten duen Valentziako estudio baten eskaintza jaso nuen, A hirukoitzeko bideo-jokoak egiteko (aurrekontu handiko proiektuak). Horrek eman zidan Metro Exodus, Call of duty WWII eta Blood and Truth VR bezalako jokoetan lan egiteko aukera. Bertan urte eta erdi lanean eman ostean, beste eskaintza bat jaso nuen, CD Projekt REDena, The Witcher 3: Wild Hunt bezalako lanen atzean dagoen estudio poloniarrarena. Cyberpunk 2077 jokoa garatzen ari zen taldera batzea proposatu zidaten. Aukera izugarria izan zen niretzat, CD Projekt oso estudio ezaguna baita, ez soilik garatzaileen munduan, baita jokalari komunitatearen artean ere.

3D ingurugiroen artista zara. Zertan datza zure lana zehazki?

Arte kontzeptualaren departamentutik datorren gauza oro bideo-jokoetako 3D unibertsora eramatean datza nire lana. Jokoaren mailak eta istorioko misioak diseinatzeaz arduratzen diren pertsonekin batera egiten dut lan egunero, denak zentzua eta itxura ona izan ditzan, ez soilik bisualki, baita jokoari eta narrazioari dagokionez ere.

Irailaren 17an plazaratuko duzue Cyberpunk 2077 jokoa. Urteko bideojokorik desiratuenetako bat da. Nola bizi duzue azken txanpa hau?

Emozio handiarekin bizi dugu. Urte biziak izan dira, oso gogor egin dugu lan eta gure bihotzak jarri ditugu proiektuan, gure eguneroko bizitza bihurtu da. Ia denak egiten du bira jokoaren inguruan, eta argitaratze data inoiz iristen ez den zerumuga dirudi.

Data hurbiltzen dela ikusteak sentimendu kontraesankorrak sortzen dizkigu. Alde batetik, gustatuko litzaiguke produktua garatzen jarraitzea, infinitura arte. Baina, bestalde, sekulako gogoak ditugu jendeak azken urte hauetan egin duguna ikus dezan. Espero dugu jendeak jokoarekin guk bere garapenarekin gozatu duguna bezainbeste gozatzea. Ziurtatu dezaket aurretik RPG mundu irekietan inoiz ikusi gabeko esperientzia bat izango dela.

Behin jokoa argitaratuta, baduzu beste proiekturik esku artean?

Jokoa amaituta, Varsovian geratzea eta horrenbeste maite dudan horretan lan egiten jarraitzea da nire epe ertain zein luzerako aurreikuspena. CD Projektek inoiz ahaztuko ez dudan aukera bat eman dit. Enpresa honek garrantzi handia ematen dio jokoen narrazioari, istorioak kontatzeari. Hori oso ondo uztartzen da nik ditudan lehentasunekin, ez soilik profesional gisa ingurugiroak garatzeko, baita jokalariak emozionatzeko gai izateko ere.

Bideo-jokoen mundua oso azkar garatzen ari da. Nola bizi duzu bilakaera hori barrutik?

Bideo-jokoena ez da soilik azkar garatzen ari den industria bat, oso lehiakorra ere bada. Badago alde ezkutu bat. Jendeak uste du teknologiak bere kasa eboluzionatzen duela. Hau da, pantailan elementu gehiago edo grafiko hobeak izateak eta erresoluzio handiagoan “errenderizatzeak” euren kabuz datozen gauzak direla. Baina errealitatea bestelakoa da: jende asko dago lanean hori gerta dadin.

Oso industria handia da, baina badu zinemarekin ezberdintasun bat: modu jakin batean kontatu edo egin nahi dituzun gauzak hardwarera lotuta daude edo, hobeto esanda, hardwarearen mugetara. Horregatik, ezinbestekoa da moldatzeko gaitasuna izatea, jokalariari ez diolako axola proiektu baten atzean 5 edo 1.000 pertsona dauden, produktuaren kalitatea jarriko du beste edozerren gainetik.

Badaude bideo-jokoak artetik bereizten dituzten pertsonak. Zer esango zenieke?

Nire ustez (hitzaren definizio ofizialak albo batera utzita) bi eginkizun nagusi ditu arteak. Alde batetik, entrenitze hutsa, jendea bere eguneroko arazoetatik ihes egiten laguntzea. Bestetik, inspiratzea. Inspiratzea diodanean, feedbacka sortzen duen edozertaz ari naiz, ikuslearen eta obraren arteko elkarrekintzaz. Norbaitek zure lana antzeko zerbait egiteko erreferentzia gisa hartzea izan daiteke, edo pertsona batek gai baten inguruan duen ikuspuntua aldatzera iristea.

Istorio bat kontatzean datza dena: olerki bat, abesti bat, liburu bat, pelikula bat edo bideo-joko bat. Ezberdintasuna honakoa da: ikusle pasibo baten beharra dutela gauza horiek guztiek, bideojokoek narrazioa interakzioarekin osatzen duten bitartean. Horregatik, perfil aktiboago eta inplikatuagoak behar dituzte, jokoan zehar baliatuko diren mekanikak irakatsi edo pertsonaiaren istorioan eragingo duten erabaki narratiboak hartzeko.

 

Oharra: Elkarrizketa hau koronabirusaren krisia hasi baino lehen egin zen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide