18 milioi euroko aurrekontua onartu du Amurriok, EAJ eta PSEren babesarekin

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko api. 3a, 14:38
Telematikoki egin dute udalbatza Amurrion, gaur. / Aiaraldea.eus

Larrialdi egoera egoera dela eta, aurrekontuak moldatzeko premia azpimarratu dute oposizioko alderdiek. 

Gaur goizean egin dute Amurrioko Udal Osoko bilkura. Larrialdi egoera dela eta, telematikoki egin dute udalbatza. Herritartasun Batzorde Informatiboa izan da landu duten gaietako bat, Eguneko Zentroaren zerbitzuaren kontratazioa luzatzeko. "Tokiko Gobernu Batzordearen eskumena da, baina egoera hau medio, udalbatzara ekarri dugu onartua izan dadin", azaldu du Josune Irabien Marigorta alkateak. Orain Amurrio izan da abstenitu den bakarra, gainontzeko alderdiek (PSEk, EH Bilduk eta EAJk) alde bozkatu baitute.

Udal aurrekontuek eragin dute eztabaida gehien. 18 milioiko aurrekontua proposatu zuen gobernu taldeak. %48 inbertsiotara bideratua dago, "kaleko argiteria aldaketa, ludoteka egitea, igerilekutako aldagelak aldatzea, Antzokiko sarrerak erosteko online sistema ezartzea, Etxegoienen aparkalekua sortzea, industrialdeetan hobekuntzak...". Orain Amurriok sei ekarpen egin zituen eta lau onartu dira. EH Bilduk, aldiz, 7 emendakin aurkeztu zituen. "Horietako hiruk zama ekonomiko handia zekarten, eta ikuspegi legaletik dagoen ezintasuna medio, alboratu egin ziren. Beste lau ekarpenak, larrialdi egoera bukatzean aztertuko ditugu, partida horiek berrikusi eta beharrezko neurriak hartzeko", azaldu du Irabienek.

"Politika sozialetan %11 igo nahi genuen aurrekontua, baina askoz gehiago inbertitu beharko da", adierazi du alkateak. Euskara, kirola arloetan edota diru-laguntzetan ere bideratu dituzte igoerak.

Oposizioko ordezkarien ekarpenak
Orain Amurrioko Kepa Gonzalek hartu du hitza lehenbizi. "Osasun eta ekonomia krisiak luze iraungo du" ohartarazi du. Batetik, aurrekontuaren lehentasunak moldatzeko beharra nabarmendu du, "egoera honetan obrak baino, beste zerbitzu batzuetara bideratu beharko da dirua". Ekarpenen artean, "emakumeen etxea" eratzeko parte hartze prozesuaren beharra azaleratu du, nahiz eta larrialdi egoeragatik emendakina atzera bota. Bestetik, oholtza jartzeko proposamena luzatu zuten, baina erosketa eteteko eskatu dute bilkuran. "Aresketako energia parkea mantentzea garrantzitsua da, baita berritzea ere. Horretarako ideia lehiaketa bultzatu nahi genuen herritarren artean, 2000€ bideratuta ekimenera", defendatu du bozeramaileak. Laugarrenik, larrialdi klimatikoari egin dio keinu, gida edo plan baten premia azaleratuta. Bestalde, udal biltegiaren egoera hobetzeko 15.000 euroko partida aurkeztu dute. Eta, azkenik, larrialdi egoeran zergen azterketa egiteko gogoeta luzatu dute, hobariak edo bestelako neurriak planteatzeko. "Aurrekontuetako partida asko ezingo dira bideratu, egoeraren inpaktu sozioekonomikora bideratu beharko dira".

David Romero PSEko zinegotziak aurrekontuen aldeko bozka babestu du, “nahiz alderdi sozialistak bestelako afera batzuetan jarriko lituzkeen indarrak”. Aurrekontuen eztabaidetan abstentziora jo dute orain arte, aitortu duenez, “aurrekontuak ez oztopatzeko”. Gaurko egoerak, baina, euren jarrera aldatu du: “EAJ eta PSEren artean adostutakoa izan da. Aurrekontu honek bizilagunen beharrei erantzutea ahalbidetuko du, iaz baino %14 handiagoa baita”. Aurrekontuaren luzapenaren bidez, kolektiboen hobekuntzak sustatuko dituzte, kontatu duenez: “Helburua inor atzean ez geratzea da”. Horrez gain, aurrekontuetan emendakinak aintzat hartu izana goraipatu du, herriko erronkei erantzuten diotela azpimarratuta.

Mariano Alava EH Bilduko bozeramaileren iritziz, berriz, aurrekontuek larrialdia egoera bukatutakoan jardunari eustea bilatu beharko lukete. “Aurrekontuen zirriborroan ez da posible izan alderdi politikoen ideologia eta ekarpenak planteatu eta eztabaidatzea”, salatu du. Aurrekontuak “kontinuistak” dira koalizio abertzalearentzat, “eta gardentasuna kolokan jartzen dute”.

Aurrekontuen prozesua salatu du Alavak, halaber: “Egoera berrietara egokitu beharko litzateke aurrekontua, eta ez aurrekontuen luzapena onartu. Osasun alarma jaistean aurrekontua moldatzeak ez du balio”. EH Bilduren emendakinei dagokienean, 2 ardatz izan dituzte: enplegu sustapena eta laguntzen areagotzea. “Eskatu genuen 600.000 euro bideratzea laguntzetara: 200.000€ udal laguntzetan mantentzea, krisi ekonomikoa laguntzeko partida berri bat txertatzea, eta tokiko enplegua sustatzea. Horrez gain, ezinbestekoak ez diren inbertsioak eten eta laguntza horietara bideratzea nahi genuen”. Gobernu taldeak legearen ezintasunagatik baztertu ditu ekarpenak, baina Alavak nabarmendu du “larrialdi egoeretan beste udal batzuk horrelako neurriak" hartzen ari direla.

Aurrekontuaren prozesuari heldu dio EAJk bere hitzartean: “Gure konpromisoa kalitatezko zerbitzuak bermatzea izan da. Zentzu horretan, azken 2-3 asteetan alderdien artean elkartasun izpiritua sentitu dugu”. Konfinamendua bermatzeko neurri bereziak jarri dituzte udalean, alkatearen esanetan, “baita baliabide ekonomiko gutxi dituztenentzat ere (40.000 euroko partida)”. Diru falta argia egongo da gobernuburuaren ustez, larrialdi egoera bukatzean, “instituzioen ardura handia izango da. Programak lehenbailehen jarri beharko dira, eta horretan ados gaude”.

Bozketen argudiaketa bigarren iritzi bilketan egin dute alderdiek. EAJ eta PSEk alde bozkatu dute, eta Orain Amurriok eta EH Bilduk kontra. Hemen ikusi daiteke bilkura osoa:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide