Basilio Garcia Mayo: "Aberri Egun ezberdin bat egitea da helburua"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko api. 9a, 10:17

Basilio Garcia Mayo udaltzainak egin du bat, besteak beste, "Euskal Herria batera" ekimenarekin. Pertsona anitzeko Euskal Herria irudikatu nahi dute igandeko Aberri Egunean, azaldu duenez.

Igandean (apirilaren 12an) izango da Aberri Eguna. Konfinamendu egoera dela-eta, ordea, ohiko deialdi formatuak aldatu egin dira. Etxeetatik euskal nazioaren eguna ospatzeko deia luzatu dute. "12:30ean ahalik eta jende gehien nahi dugu balkoietara ateratzea ikurrinak jarrita", azaldu dute. Horretarako, aberrieguna.eus webgunean elkartasun mezuz osatutako mosaiko erraldoia egingo dute, "historiarako ikur bat".

Deitzaileen artean lurralde eta profil anitzeko herritarrak bildu dituzte, tartean, Basilio Garcia Mayo Amurrioko udaltzaina. "Parte hartu nahi nuen galdetu zidaten, eta baietz esan nuen. Hasieran beldurra eman zidan, baina azkenean ausartu eta animatu nintzen, teknologia berriekin ez naiz batere trebea eta", aitortu du aiaraldearrak, "antolakuntzatik agerian utzi nahi genuen krisialdian pertsona arruntok dugun eginbeharra". Garcia Mayorekin batera, Euskal Herriko suhiltzaile, erizain, denda langile eta beste zenbait sektoretako lagunek zabaldu dute ekimena: "Helburua Aberri Egunean euskal herritarrak lehenestea da, bertan bizi diren pertsona guztientzako Euskal Herria osatu nahi dugu".

Balkoietan 12:30ean minutu bateko isilunea eta  "txoriak txori" kantatzeko proposamena egin dute, batik bat, egoera honetan hil diren guztien omenez. "Gaixotasunaren aurkako auzolan erraldoiarekiko harrotasuna eta aurrera egiteko indarra azaltzeko", azpimarratu dute deitzaileek. "Aberri egun ezberdin bat egitea da helburua", erantsi du Basilio Garcia Mayok. Jasotako mezu guztiak webgune eta sare sozialetan hedatuko dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide