"Bazen behin darabagun" ekimena sortu du Aresketa Ikastolak, Araba Euskarazen baitan. "Duela 2 urte Aresketa Ikastolak bere lerro pedagogiko nagusien artean leku zentrala eman zion irakurketari", azaldu du Eduardo Fraile Vera irakasle eta ekimenaren sustatzaileak. Modu horretan irakurzaletasunari protagonismoa eman nahi izan diote hezigunean, bi norabidetan: "Irakurketa oinarrizko konpetentzia bezala garatzeko ikasketa, lanbide eta bizitzan batetik. Eta, bestetik, irakurketa bizipen gisa transmititzea bilatu dugu. Hau oso garrantzitsua da, gaur egungo munduan ez baitugu irakurtzen. Momentu honetan ez dagoen harreman bat berreskuratu nahi dugu". Irakurketa Fraile Verarentzat "isilik, bakarrik eta geldirik egiten den ekintza" da, "eta gaur egun korrontearen kontra igeri egitea suposatzen du horrek".
Irakurketa, maitasun istorio
"Ekimena gazte eta helduei zuzendua dago batez ere, ikasleei beharrean. Ez genuen ekintza akademiko bihurtzea nahi", zehaztu du, "librea izatea nahi genuen, nahiz eta sarritan denok dugun lotsari aurre egin behar izan". Oso ariketa interesgarria izaten ari dela dio. Momentuz 30 bat irakurketa bideo jaso dituzte, gehienak ipuinak, baina baita poema, eleberri zati eta bestelako testuak ere.
"Irakurketa, maitasunezko oparia da. Gabon musuarekin batera, gaueko ipuina da elikagairik nutritiboena. Testuinguru horretatik sortu da ekimena, ez da kanpaina bat, sorkuntza kolektibo eta artesanala baizik", zehaztu du Aresketako kideak. Amurriokoei luzatu diete gonbita, baina eskualdeko edonoren ekarpenak gustura hartuko dituzte, aitortu duenez.
Euskarazko grabaketa lanak bazenbehin@aresketaikastola.eus helbidera bidali behar dira, eta bideoek ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte: "Horizontalki grabatzea inportantea da, eta mugikorra edo kamera geldi egotea. Ahotsa ondo entzun behar da. Bereziki, poliki irakurtzea da garrantzitsua, eta naturaltasuna".
Ikus-entzunezko guztiekin filma luze bat egiteko asmoa dute, "baina bien bitartean sare sozialetara banaka igoko ditugu bideoak editatuta".
Sare sozialen bidez jarraituko ahalko da ekimena, "Bazen behin darabagun" Facebook kontuan, Aresketako web orrian eta Araba Euskarazeko Youtuben. Bi egunerik behin igoko dituzte piezak. Lehenbizikoa sarean dago jada: