Marrazki, mikrokontaketa eta bertso lehiaketa antolatuko du Amurrioko Udalak

Julen Solaun Martinez 2020ko api. 19a, 16:07
Antzeko iniziatibak eskualdeko hainbat herritan egin dira, esaterako, Orozkon./ Aiaraldea.eus

“Etxean Koronabirusagatik” deituko da ekimena eta 100, 75 eta 50 euroko erosketa txartelak banatuko ditu kategoria bakoitzean hoberen sailkatzen direnen artean.

“Etxean Koronabirusagatik” lehiaketa abiatu du Amurrioko Udalak, herritarrek berrogeialdian bizitzen ari diren esperientziak partekatzeko. Lan onenentzako Amurrioko ostalaritza establezimenduetan eta tokiko saltokietan erabiltzeko 100, 75 eta 50 euroko erosketa txartelak banatuko dira, eta Udalaren sare sozialetan eta Hauxe Daren edizio digitalean argitaratuko dira.

Hiru kategoriatan banatuko da iniziatiba: Marrazkietan, mikrokontaketa eta olerkietan eta bertsoetan. Marrazkiak 4 eta 12 tarteko haurrentzat izango dira eta “gaiarekiko egokitasuna, sormena, originaltasuna eta obraren kalitatea” baloratuko ditu, beste bi espezialitateetan bezala. Hiru adin tartetan sailkatuko dira irudiak, 4-6, 7-9 eta 10-12. Marrazki guztiak A4 tamainako folio batean egin beharko dira eta argazkia edo eskaneatutako irudia bidali beharko dira.

Mikrokontaketak eta olerkiak, berriz, 12 urtetik gorako pertsonentzako izango dira; hiru adin tartetan ere banatuko da: 12-15, 16-18 eta 18 urtetik gorakoak. Idatzitakoak euskaraz edo gaztelaniaz egin ahalko dira eta, gehienez, 100 hitzeko luzera izan beharko dute.

Bertsoak 7 urtetik  gorakoentzako izango dira eta bost adin tartetan banatuko dira: 7-9, 10-12, 13-15, 16-18, eta 18tik gorakoak. Euskaraz izan beharko dira, neurri eta doinu librekoak izan ahalko dira, betiere hiru bertsoko bertso-sortak edo, audioan bidaltzekotan, bost minutuko gehienezko iraupena errespetatuta.

Egindakoak apirilaren 29ko 14:00ak baino lehen bidali beharko dira partehartzea@amurrio.eus helbidera edo, WhatsApp bidez, 605 725 240 zenbakira mezua bidalita. Ezinbestekoa izango da izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefonoa adieraztea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide