AIARA DANTZA TALDEA

"Herriko jaietan ezin bada ere etxean dantzan jarraitzen dugu"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko api. 29a, 10:56

Dantzaren nazioarteko eguna dela-eta, bideoa osatu du Aiara Dantza taldeak.  Euskal jaia atzeratu behar izan badute ere, euren jarduna moldatzeko apustua azaldu dute.

Herriko festak bereziak  izango dira aurten. Hala ere, horrek ez du eskualdeko dantzarien grina geratu. "Gaur dantzaren nazioarteko eguna da, eta herriko jaietan dantzatu ezin badugu ere, #Etxeandantzan jarraitzen dugu. Hemen duzue prestatu dugun bideoetako bat!", adierazi dute sareetan Aiara Dantza taldeko kideek. 

Iraia Aspuru da partaideetako bat. Aiaraldea komunikabideari azaldu dionez, Euskal Herriko zenbait talderengandik hartu dute ikus-entzunezkoa eratzeko ideia: "Dantza talde asko estilo honetako bideoak egiten hasi ziren, eta hori ikusita gu ere animatu gara. Beste dantza batzuk ere grabatu ditugu, bakoitzak bere etxean, baina apurka apurka publikatuko ditugu. Era amateurrean ari baikara bideoak grabatu eta editatzen". Elkartekoak ez ezik, "nahi duen oro" animatu dute etxean bideoak grabatu eta sare sozialak dantzaz betetzera, #etxeandantzan traola erabilita. 

Konfinamenduaren aurrean, berregokitzapena
Eskolak itxi bezain pronto erabaki zuten klaseak bertan behera uztea Amurrioko Reforreko egoitzan. "Lehenengo astean ikasleei hainbat dantzen kantak bidali genizkien, etxean praktikatu zezaten. Bestalde, ikasleek eskatuta, talderen bat online klaseak egiten ari da, mantentzeko gehien bat". Zailtasunak ere izan dituzte, aitortu duenez: euskal dantzetako asko taldean egitekoak dira, "eta pausuak, malgutasuna eta indarra etxean landu daitezkeen arren, oso zaila da erreferentziarik gabe dantzatzea, zinta dantza bat esaterako. Eta dantza berriak ikasteko zeresanik ez!".

Urteko plangintzan aldaketak
Egutegian markatuta izan ohi dituzte apirila eta maiatzeko zenbait data, Aiaran, Tolosan, Orozkon edota Laudion emanaldiak eskaintzen dituztelako. "Ziurrenik dena bertan behera geratuko da, eta geratzen ez bada ere, oso zaila izango da urteroko dantzaldi ikusgarria prestatzea entsegurik gabe".

Bestalde, maiatzean antolatzen dute urtero Euskal jaia, baina aurtengo eguna alboratu behar izan dute. Zehazki, hilaren 30ean zuten hitzordua aurreikusia, "eta jarraian Araba Euskaraz, Araba Euskaraz aurreko jaia, Arabako dantzari eguna eta abar genituen". Hala ere, ez dute itxaropena galdu: "Bien bitartean, jarraitu dantzan, dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko eta".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide