Iragan ostegunen erretiratu zinen. Nolakoa izan zen agurra?
Harritu egin nau. Ez nuen uste nire erretiroak horrenbesteko oihartzunik izango zuenik. Oso pozgarria izan da, egia esan, baina espero nuena baino handiagoa.
Omenaldirik egin zizuten?
Gaueko hamaiketan atera nintzen lanetik, normaltasun osoz. Jendea leihoetan zegoen eta agurtzen hasi zen, eta txalotzen batzuk. Harrituta geratu nintzen, ez nuelako espero. Bukatzea espero nuen, amaitzea eta kitto. Gero, etxera iristean WhatsApp bidez jasotako mezuena ere izugarria izan zen. Nik ez daukat Facebookik, baina alabak badauka eta bertatik iristen ziren mezuak pasatu zizkidan. Ez dut inoiz ahaztuko.
Zure ibilbide profesional gehiena Amurrioko udaltzain gisa eman duzu, baina aurretik beste lan batzuetan aritu zinen, ez?
Nik ardoa egin eta kudeatzen zuen enpresa batean egiten nuen lan, “Ardau” gisa ezagutzen zena. Aretan zegoen, gaur egun Iza eta Onieva dauden tokitik gertu.
Rumasak hartu zuen eta pribatizatu egin zen. Oso gatazkatsua izan zen gure itxiera, jabea kartzelara sartzen amaitu genuen. Langabezian amaitu nuen. Etxea erosi berri nuen, eta egoera ekonomiko nahiko larrian geunden. Orduan ikusi nuen bi lanpostu eskaintzen zirela Amurrion. Zalantza handiak izan nituen, nik ez nuelako nire burua polizia gisa ikusten. Baina azkenean aurkeztu, eta lana lortu nuen. Garai hartan hemen ez zegoen Ertzaintzaren presentziarik. Handik hiru urtera iritsi ziren, eta sei udaltzainetako lauri beste lanpostu batzuetara joatea proposatu ziguten orduan, uste zutelako jada ez zirela horrenbeste udaltzain behar. San Jose eskolako atezainak lana eskuratu zuen Eusko Jaurlaritzan, eta bere postua libre geratu zen, eta horra joan nintzen ni. 14 urte igaro nituen bertan, nire bizitza profesionaleko onenak. Amurrion ni oso gustura egon naiz beti, baina San Jose aparteko auzoa da niretzat. Ni beti izan naiz Ugarte auzokoa, orain Arrañon bizi naizen arren, eta oso identifikatuta sentitu izan naiz San Joserekin, bi auzoak oso antzekoak direlako: etorkinen herriak, xumeak... langileen auzoak.
“San Jose auzoko eskolako atezain gisa igaro nituen 14 urteak izan dira nire bizitza profesionaleko onenak”
Eskola txikia zen eta harreman estua genuen ikasle, guraso zein gainontzeko bizilagunekin, auzoarekin, oro har. Oso gustura egon nintzen bertan.
Denetarik egiten nuen: hondatzen ziren gauzak konpondu, eskolaz kanpoko ekintzak kudeatu, mota guztietako irteerak antolatu... bizpahiru futbito taldez ere arduratzen nintzen. Klaseekin zerikusi zuzena ez zuten gauza horiek hartzen nituen nire gain. Eskola oso errotua zegoen auzoan, eta baita ni ere.
Baina gero udaltzain gehiagoren beharra sortu zen, eta gu legalki oraindik udaltzainak ginenez, gure lanpostu zaharretara itzularazi gintuzten, 2006. urtean. Behartu egin gintuztelako, bestela nik atezain moduan jarraituko nuke. Udaltzaingoan emandako lehen urtea nahiko gogorra egin zitzaidan, baina gero lortu nuen egoera berrira moldatzea, eta bertan ere oso gustura egon naiz.
“Aldatzen ari da udaltzainen izaera, eta ez nik nahiko nukeen norabidean”
Asko aldatu da Udaltzaingoa azken hamarkadetan?
Bai. Gure hasierako izaera aguazilarena zen, udaltzainarena baino. Baina aldaketa ez da soilik Amurrion eman, Euskal Herriko beste tokietan ere jazo dela esango nuke. Aldatzen ari da udaltzainen izaera, eta ez nik nahiko nukeen norabidean. Gu hurbilago geunden aguazil izatetik, udaltzainak baginen ere. Orain geroz eta poliziago izaten ari gara. Berez, ertzain eta udaltzain izateko deialdi berdinak egin dituzte, eta hori akats izugarria da nire ustez. Deialdia eta azterketak berdinak dira, eta herriarekiko lotura galtzea dakar horrek. Baina tira, agintzen dutenek horrela egitea erabaki dute.
Hau beti komentatu dut udaletxean eta bestelako erakundeetan: gaur egun olinpiadetara joan daitezkeen oposatzaileak eskatzen dira. Kirol proba apartak egiten dituzte, eta gai dira zirkulazio-kodea hasieratik amaierara irakurri eta buruz ikasteko. Baina jendearekiko hurbiltasuna galtzen ari da.
Azpiegituretan ikusi daiteke hori. Geroz eta manpara gehiago jartzen dira, jendearengandik urruntzeko. Autoetako kristalak ere tindatzen dira. Segurtasuna jartzen da aitzakia moduan, baina nik ez dut inoiz bat egin horrekin. Kontrakoa egin dut beti, txirrindulaz joan izan naiz toki batetik bestera.
Kontrako efektua sortzen du horrek: jendeak kaletik gelditzen zaitu, euren kezkak zuri jakinarazteko. Oso ibilgailu praktikoa da udaltzainen eginbeharretarako. Toki batzuetara azkarrago iristen nintzen bizikletaz kotxez baino, nahi duzun tokitik sartu zaitezkeelako.
“Ertzain eta udaltzain izateko deialdi berdinak egin dituzte, eta hori akats izugarria da nire ustez”
Hori galtzen ari da, ibili ere geroz eta gutxiago egiten da. Kontrako norabidean goaz. Janzkerak ere markatzen du: geroz eta tramankulu gehiago jartzen dizkigute soinean. Adibidez, fisikoki aparta ez den baina jendearekin hitz egiteko gaitasuna duen pertsona bat oso polizia edo udaltzain ona izan daiteke niretzat. Baina beste profil bat bilatzen da orain.
Nire ustez, lotura handiagoa izan beharko genuke gizarte arloarekin, nik asko lan egin dut eurekin. Arlo horretako arduradunek eurengana iristen diren arazoak ikusten dituzte, baina guk horraino iristen ez direnak ikusten ditugu, kalean gaudelako egun osoan. Hartu-eman hori oso garrantzitsua da herritarrei laguntzeko.
“Nahi badugu, gure lanpostuak baliabide ugari ematen dizkigu jende xumeari asko lagundu ahal izateko”
Nolakoa izan beharko luke, beraz, udaltzain ereduak?
Bilbo bezalako hiri handi batean ezberdina izango da, baina Amurrio bezalako herri txiki batean jendearengandik ahalik eta hurbilen egon beharko ginateke. Egia da legea bete eta betearazi behar dugula, baina gizatasunez, umiltasunez eta hurbiltasunaz egin behar dugu. Nik beti pentsatu dut, udaltzainak ez ezik, langile publikoak ere bagarela. Jende xumearen azken euskarria gara. Guregana jotzen dutenek laguntza eta babesa jaso behar dute bueltan, duten problema konpondu edo landu ahal izateko. Boterea edo dirua duenak edonon topatu ditzake bere arazoak konpontzeko baliabideak, baina beste batzuk ez dute ezer. Eta uste dut, nahi badugu, gure lanpostuak ematen digula aukera jende horri izugarri laguntzeko: etorkinei, emakumeei, kalean bizi direnei...
Baztertuenak izan diren pertsonekin oso harreman ona izan dut, eta horretaz harro sentitzen naiz. Harreman ona izan dut etorkinekin edota magrebiarrekin, adibidez. Kasu batzuetan eurengana jo dut laguntza eske.
Etxegabeei ere lagundu diezu.
Hiru pertsonari lagundu genien aspaldi, hainbat garaitan. Urteak zeramatzaten Amurrion eta kalean zeuden, bizitzako hainbat arazo medio. Eurekin harremantzen joan nintzen eta laguntza emateari ekin nion, kaletik atera zitezen, eskubidea zeukatelako hortik ateratzeko.
Hasieran eurek ez zuten egoki ikusi. Gizarte arloko bileretara lagundu behar izan genituen. Lanbidera joaten nintzen eurekin, eta eskaera zein gutunak idazten nizkien. Arartekora ere jo genuen... baina lortu genuen kaletik ateratzea eta orain nahiko duin bizi dira. Udaltzain gisa egin daitezkeen lanak dira horiek, harro egoteko modukoak.
“Espresuki eskatu nuen armarik ez eramateko baimena, baina ukatu zidaten”
Baina, aipatu duzunez, legea betearazi behar duzue. Ez al da kontraesanik sortzen?
Gauza bat esan behar dut: ni ez naiz sekula polizia sentitu, lanpostu horretan 30 urte baino gehiago igaro ditudan arren. Langile publiko bezala beti identifikatu naiz, baina polizia gisa ez. Isunen kasuan, ahal dela, saihesten saiatzen nintzen, jendearekin hitz eginez. Egia da batzuetan isuna jartzea beharrezkoa dela, ez dut hori ukatzen. Auto bat gaizki aparkatua badago gaizki aparkatua dago mundu guztiarentzat. Baina kasu batzuetan jarri behar dituzun isunak pertsona baten soldata osoa dira. Nik ez dut figura isuna jarri edo ez jartzera mugatzen, askoz jardun zabalagoa da, nahi bada. Aukera franko daude eginbehar askoz gehiago burutzeko.
Urte hauetan guztietan zehar legea ez dut horrenbeste kontuan izan. Badakit legea errespetatu behar dela, baina pertsona kontuan izaten saiatu naiz beti. Saiatu behar gara aurrean dugunaren tokian jartzen. Batzuetan isuna jarri arren, errespetuz tratatu behar da jendea.
“Kasu batzuetan jarri behar dituzun isunak pertsona baten soldata osoa dira. Ni, ahal dela, beti saiatu naiz isuna saihesten, pertsonekin hitz eginez”
Zure pentsatzeko modua duten udaltzain asko ezagutu dituzu?
Baietz esatea gustatuko litzaidake, baina kontrako norabidean goazela dirudi. Dena dela, ez da udaltzain sartzen diren pertsonen ardura, aukeraketa egiten dutenena baizik. Geroz eta gehiago bilatzen da “polizia” profila, eta ni aurka nago. Sistema horretara bideratua dago, pertsona mota horiek bilatzen dira. Beste izaera bat duten pertsonek zailagoa dute, sistemak horretara eramaten zaituelako.
Laudioko udaltzain bati entzun nion behin poliziarik gabeko mundu batekin amesten zuela, baina ez zuela uste halakorik existitu zitekeenik.
Bat nator. Poliziarik gabeko mundu bat, zoritxarrez, ez dut posible ikusten. Baina horrek ez du esan nahi polizia mota ezberdin bat existitu ezin daitekeenik. Are gehiago: ez da berdina udaltzain bat, ertzain bat edo beste polizia mota bat. Nik, adibidez, beti defendatu dut guk ez genukeela armarik eraman beharko. Hasieran ez generaman, eta gero behartu egin gintuzten. Nik espresuki eskatu nuen armarik ez eramateko baimena, baina ukatu zidaten. Armarik gabe hobeak garela uste dut.
Hala ere, gauza bat argi utzi nahi dut. Badakit nire lankide batzuek ez zutela bat egiten nire izaerarekin. Baina askatasunez aritzeko aukera izan dut beti, lankide zein nagusien partetik.
“Poliziarik gabeko mundu bat, zoritxarrez, ez du posible ikusten. Baina horrek ez du esan nahi polizia mota ezberdin bat existitu ezin daitekeenik”
Euskara ere sustatu izan duzu, ez?
Bai, saiatu naiz udaltzain batzuekin euskaraz hitz egiten. Baina hori ez da udaltzainen afera soilik, euskararen normalizazioa gizarte osoan dagoen arazoa da. Nik argi daukat: Amurrioko gazte guztiekin aritzen naiz euskaraz, badakidalako ulertzen dutela.
Orain erretiroa hartuta, zer plan dituzu?
Ez dakit. Mendira gehiago joaten saiatuko naiz, oso gustuko dudalako, baina ez dut aparteko planik. Denborak esango digu.
Amurrioko herriari eta San Jose auzoari eskertu nahi dizkiet emandako harrera eta maitasuna. Askotan eskatu diet laguntza herritarrei, eta oso erantzun ona jaso izan dut beti.