ELAk Amurrioko Inauxa lantegiak, Mubea enpresaren parte dena, behin-behineko langileak kaleratu dituela salatu du. Era berean, Edai ingeniaritza enpresak beste sei behargin kalera botatzea ere kritikatu du sindikatuak. Hortaz, egoera honek “pandemia aprobetxatuz” enplegua suntsituko duela eta langileen egoera prekarizatuko duela zehaztu dute.
Ohar batean adierazi dutenez,, Inauxak apirilean jakinarazi zien behin-behineko langile guztiei haien kontratuak amaituko zirela, “COVID-19aren krisiak sortutako egoera baliatuta eta Amurrioko lantegirako enplegua erregulatzeko espediente bat aurkezteko atarian”.
Beraz, erabaki horrek lantegiko plantillari “babesgabetasun handia” ematen diola gehitu dute. Edai ingeniaritza ixteko prozesua hasi dutela ere esan du sindikatuak, aipatutako sei langileak kaleratuta.