Amurrioko Udalak udalerriko ondarearen mapa sortu du, eta herritar guztien esku jarriko dute. Ikasgeletara ere eramango dute, Eskolako Agenda 2030ean lantzeko. Herriko ikastetxeek udalerriko landa eremuko kultura eta ondarea izan dituzte hizpide aurten, bigarrern urtez jarraian.
“Udalerriko inbentarioan eta elementu sailkatuen artean dauden ondasun higiezinak non dauden adierazteaz gain, beste elementu batzuk ere identifikatzen dira mapan”, zehaztu du tokiko erakundeak. Horien artean, iturriak, errotak, ikaztegiak, espazio babestuak, errekak edota hezeguneak topatu daitezke.
Mapa horren sorrera ikastetxeetarako Agenda 2030n dago programatuta, “ingurumenarekin erlazionatutako arazoak bideratzeko ezagutzak, jarrerak eta konpromisoak” garatzeko helburu nagusiarekin. Guztira, herriko lehen eta bigarren hezkuntzako 1.300 ikasle daude programaren barruan.