EAJren gobernu taldearen gestioa kritikatu du Amurrioko EH Bilduk, “talde guztiei ideiak eta proposamenak aurkezteko aukera” eman beharko zitzaiela argudiatuta. Ohar batean adierazi dutenez, martxoaren 13an eskatu zuten lehenbiziko aldiz COVID-19ak sortutako krisiari aurre egiteko akordiorako mahai baten sortzea, baina aste honetara arte ez dute alkatetzatik erantzunik jaso.
Hortaz, “erabaki guztiak alde bakartasunez” hartu izana leporatu dio EAJri Iñaki Ibarluzea bozeramaileak. Era berean, udal gobernutik hartutako erabaki batzuen berri sare sozialen bidez izan dutela gehitu dute opozisioko taldeko kideek. Azkenik, amurrioarren ongizatearen alde lanean arituko direla adierazi dute: “Herritarren alde lan egiten jarraituko dugu, hori izan da beti gure konpromisoa eta hala izaten jarraituko du”.