AITOR BARRENENGOA ZUBIZARRETA

“Askoz garrantzitsuagoa da errefuxiatuei hemendik eman ahal diegun laguntza, kanpalekuetara joanda eman dezakeguna baino”

Erredakzioa 2020ko mai. 30a, 17:30

AITOR BARRENENGOA ZUBIZARRETA (Amurrio, 1989) Lesboseko errefuxiatuen kanpalekuan egon zen urte hasieran, Zaporeak elkarteko boluntario gisa. Koronabirusaren krisia hasi baino lehen egin genion elkarrizketa hau. 

Non egon zara zehazki?

Lesboseko irla greziarrean egon naiz hiru astez. Hasieran, ez nuen Zaporeak elkartea ezagutzen, baina, egun batean telebista ikusten nengoela, zer zen gainetik ikusi nuen. Informatu nintzen eta apuntatzea bezain erraza zela ikusi nuen. Beraz, izena eman nuen eta hara joateko deitu ninduten.

Zertan datza han egindako lana?

Printzipioz, sukalde-laguntzaile moduan joaten zara hara, baina lan gehiago egiten dituzu. Azkenean, eskaerak prestatzen dituzu, sukaldearen garbiketaz arduratzen zara, banaketan laguntzen duzu… Sukalde-laguntzaile gisa sartzen zara, baina pila bat gauza egiten dituzu azkenean.

Finkatutako errutina bat izan duzue?

Bai, oso errutinarioa da dena. Hiru aste dira, eta ez zara egun bat ere ez gelditzen. Logikoa denez, hiru aste izanda ez dago astebururik. Goizeko hamarretan hasten genuen lanaldia; lauretan edo bostetan banaketa egiten genuen. 

Goizean zehar bazkariak prestatzen dira, 14:30ak aldera platerak prestatzen hasi behar da. 16:30ean Moriako errefuxiatuen esparrurantz abiatzen ginen janaria eramatera.

Zein da egoera eremu horretan?

Pentsatzen nuenaren antzeko egoera dago han. Eremuaren egoera metaketazkoa da, borrokak daude, osasun arazoak, hilketak, suizidioak eta eskorbutoa bezalako gaixotasuna. Hori, orokorrean, denentzako egoera da. Eremua lokaztuta dago erabat, zikinkeriaz beteta. Egoera horretan bizi dira.

 

“Akanpalekuetako egoera bolborategi batean bihurtzen ari da”

 

Ba al dago egoeraren bat arreta piztu dizuna?

Bai, batez ere bi gauzek deitu didate arreta. Lehenengoa, han dagoen kontrastea. Irla liluragarria da, oso polita, oporretan joateko toki paregabea da, mendi eta hondartza askorekin. Baina paradisu hori 22.000 errefuxiatuentzako infernu bat dela ere ikusten duzu. Bestalde, atentzioa deitu dit pertsonak egoera negargarrian daudela, han egoteaz nazkatuta, baina egunero ematen dizute harrera irribarre eta besarkada batekin.

Zer erlazio zenuten boluntarioen eta errefuxiatuen artean?

Sukaldean bost errefuxiatu genituen gurekin batera lan egiten. Horietako hiru Moriako eremukoak ziren. Pertsona hauekin erlazio hurbilagoa geneukan, han lan egiten zutelako eta elkarrekin hitz egiten genuelako. Besteekin geneukan erlazio bakarra banaketa egiteko orduan zen.

Errefuxiatuen arteko arazo asko daudela komentatu duzu. Nolakoa da egoera eta zein da aurreikuspena?

Kontua da egoerak txarrera egin duela nabarmen azken urtean. Azkenean, Moriako errefuxiatu eremuan iaz 7.000 errefuxiatu zeuden, aurten 22.000 pertsona daude. Kontuan hartu beharra dago eremua 3.000 pertsonentzako dela. Orduan, egoera txarrera joaten ari da.

Grezian gobernu aldaketa ere egon da. Gobernu berri honek, eskumakoa, lehen zituzten gauza batzuk kentzea planteatu du. CIES batean sartzeko mehatxatzen ditu. Egoera bolborategi batean bihurtzen ari da. Errefuxiatuak manifestatzen ari dira eta tentsioa gora doa.

Aiaraldean errefuxiatuen aldeko hainbat iniziatiba egin dira. Noraino lagundu dezakete halako ekimenek?

Nik uste dut askoz garrantzitsuagoa dela Euskal Herritik eman dezakegun laguntza han eman ahal dezakeguna baino. Han egiten duguna garrantzitsua da, noski, baina hemengoa funtsezkoa da. Hemengo laguntzarik gabe, proiektuak ez luke aurrera egingo. Bidaltzen den janari guztia, biltzen den diru guztia da han erabiltzen dena. Beraz, laguntza garrantzitsuena hemengoa da.

Zer aholku emango zenioke hara joateko asmoa duen pertsona bati?

Batez ere joatera animatzeko. Esperientzia oso polita da, ahaztezina. Gogorra ere bada, baina ez du inor indiferente utziko, eta 22.000 pertsonek bizitzen ari diren tragediari aurpegia jartzeko balio du. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide