MADELEN URIETA GUTIERREZ

“Ilusioa sortzen jarraitzea izango da gure helburua Araskiren hurrengo denboraldian”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 1a, 16:20

Madelen Urieta Gutierrez, partidu batean. / Asier Bastida

MADELEN URIETA GUTIERREZ (Amurrio, 1981) urte asko daramatza Araski saskibaloi klubeko entrenatzaile eta kirol zuzendari moduan lan egiten. Denboraldi baterako kontratua berritu du.

Nola bizi izan dituzu azken bi hilabete hauek? Nola moldatu zara entrenatzaile eta kirol zuzendari funtzioa betetzeko konfinamenduan?

Positiboa izaten saiatzen ari naiz, une honetan funtsezkoa dela deritzot. Hasieran kolpe handia izan zen, txapelketak bertan behera geratu zirelako eta denboraldiaren une onenean geundelako.

Hilabete baino ez zen falta denboraldia amaitzeko. Ameriketako jokalaria bere herrialdera joan behar izan zuen, itzulera atzeratzen bazuen posiblea zelako itzuli ezin izatea.

Estatu Espainiarrean bizi diren jokalariak euren etxeetara itzuli ziren, gehienak hemengoak izateak dena erraztu zuen. Horretatik guztitik ateratzen dudan gauzarik positiboena da etxetik askoz modu zentratuagoan lan egiteko eta beste une batean egin ezingo nituzkeen gauzak egiteko aukera izan dudala. 

Harrobiaren, lehen taldearen eta klubaren estruktura ondo planifikatzeko baliatu dugu konfinamendua.

Sare sozialak asko dinamizatu ditugu, harrobiko jokalariekin kirol saioak egin ditugu eta nutrizio gidaliburuak egin dizkiegu. Gure buruko “coach”-arekin jarduerak ere egin ditugu, une delikatu hauetan nola jokatu erakusteko.

Ez gara geldirik egon. Berez, inoiz baino gehiago lan egin dugula esango nuke, etxean eman dugun denbora guztia klubarentzako ekimenak egiteko baliatu dugulako. 


“Etxean eman dugun denbora guztia klubarentzako ekimenak egiteko baliatu dugu”

 

Eginiko lan horrek guztiak balioko du etorkizunean dituzuen erronkak aurrera ateratzeko?

Hala izatea nahiko nuke. Baina, zoritxarrez, hala izango ez delakoan nago, ez behintzat nahiko genukeen bezala.

Bestalde, eginiko lanak badu bere garrantzia, eduki eta estruktura aldetik askoz hobeto lan egin ahal izango dugulako. Beraz, eginiko lanak izango du eragina, baina ez horrenbeste, egoeraren ezegonkortasunagatik, batez ere. 

Egoera ezegonkor horren erdian, beste denboraldi baterako berritu duzu Araskirekin zenuen kontratua. Nola ikusten duzu hurrengo denboraldia? Ezegonkortasunak hor jarraituko du?

Bai. Berraktibazio une batean gaude orain. Beste ezeren gainetik, gure babesleekiko kezka dugu. Beti egon dira hor, beti babestu gaituzte... espero dugu enpresen egoera ona izaten jarraitzea, hori klubarentzat ona delako, baina eurentzat batez ere.

Behin egoera bideratzen hasita, ikusi beharko dugu nondik joan beharko garen baliabide gehiago lortzeko. Instituzio publikoetatik murrizketa garrantzitsuak espero dira, eta behar dugu jendearen eta enpresen babesa, hau dena berriz abian jartzeko. 


“Gure babesleekiko kezka dugu, batez ere”

 

Kirolari dagokionez, zein erronka dituzue hurrengo denboraldiari begira?

Ilusionatzen jarraitzea. Uste dut urtez urte lortzen dugula pauso txikiak ematea, eta aurten ere horretan jarraituko dugu: eboluzionatzen, pausoak ematen...

Mendizorrozan jende gehiago sartzen jarraitu nahi dugu, guretzat oso garrantzitsua baita hori. Gure harrobiarentzako erreferenteak ere garatu nahi ditugu, Araskik duen gauza berezietako bat baita hori, haurrek ere sentitzea “Araskiren DNA”.

Kirolari dagokionez, ez dago dudarik: anbizio handikoak izango gara, jokalari berriekin zein errepikatuko dutenekin. Ea laster albisteak plazaratzen hasi gaitezkeen, jokalariak lotzen joan ahala. 

Noiz hasiko zarete entrenamenduekin?

Jokalariek ezin dute oraindik ofizialki entrenatu. Entrenamendu fisikoak egiten ari dira, euren kasa. Ekainaren 8tik aurrera egongo da udal kiroldegietan entrenatzeko aukera.

Data hori dugu egutegian markatuta, gogo eta ilusio handiarekin. Etxeko jokalariekin entrenatuko dugu, talde txikietan banatuta.

Denbora asko daramate geldirik eta hori ez da batere ona. Berriro aktibatu behar ditugu kalitatezko post-denboraldia egiteko eta, modu horretan, ligak urtero duen maila altuan lehiatzeko prestatu daitezen. 

Iaz EuroBasket lehiaketan aritu zinen, Espainiako Emakumezkoen Selekzio Absolutua entrenatzen. Nola baloratzen duzu esperientzia hori? Datorren denboraldian horrelako beste aukerarik sortuko zaizula uste duzu?

Oraindik goiz da hori jakiteko. Joko Olinpikoak bertan behera geratu ziren, logikoa denez. Selekzio Absolutua entrenatzea izugarria izan zen niretzat.

Izugarria izan zen Lucas Mondelorekin -gaur egungo entrenatzaile onenetako bat- lan egiteko aukera izatea eta  selekzio horretan dauden jokalari guztiekin aritzea. Egunez egun ikustea nola lan egiten duten, nola ahalegintzen diren, zer nolako profesionalak diren, ematen duten errendimendua, zein lehiakorrak diren... ikaragarria da. 


“Entrenatzailearen lanean askoz gehiago direla ikusten ez diren orduak ikusten direnak baino” 


Bertan ikasitakoak Araskin aplikatu ahalko dituzu?

Argi dago maila ezberdinak direla, baina norbere hazkuntzarako beti da lagungarria ikustea beste entrenatzaile batzuek nola lan egiten duten eta beste jokalari batzuek beste estimulu batzuetara nola erantzuten duten.

Entrenatzaileok ez diogu inoiz ikasteari uzten. Berez, konfinamendu hau balio izan dit asko trebatzeko, oso maila altuko hitzaldi eta ikastaroetan parte hartzeko aukera izan dudalako.

Argi dago EuroBasket txapelketako maila oso altua dela, baina beti har ditzakezu gauzak eta ideiak Araskin baliatzeko.

Saskibaloiko entrenatzailea kantxan arbela batekin argibideak ematen irudikatzen da sarritan, baina  ez da horretara mugatzen. Zu, gainera, kirol zuzendaria ere bazara. Zenbateko da ikusten ez den lana?

Nik uste dut entrenatzailearen lanean askoz gehiago direla ikusten ez diren orduak ikusten direnak baino.

Partida batean zaudenean jokalarien esku zaude. Aste osoan aritu behar izan zara lanean, jokalariak prest egon daitezen lehis horretan talde aurkariak plazaratu ahal dituen arazo guztiei soluzioak emateko.

Entrenamendu eta partidak prestatu behar ditugu. Talde teknikoaren gainontzeko kideekin etengabeko bilerak egiten ditugu, astean zehar lantzeko ildo bateratu bat adostu eta saio bakoitzean garatzeko eta, modu horretan, larunbateko arrakastara iristeko. 

Jokalariekin elkarrizketak izaten ditugu,  indibidualki zein talde txikitan. Telefonoz hitz egiten dugu euren ordezkariekin, dena ondo dagoela ziurtatzeko.

Bideoak ikuskatzen ditugu baita... kontaezinak dira egitekoak eta sartutako orduak. Harrobiaren saioak ikustera ere gerturatzen gara, bertako entrenatzaileek nola lan egiten duten ikusteko eta aholkuak eman eta laguntzeko.

Ikusten ez den lana partidak iraun ditzakeen bi orduak baino askoz harago doa. Lan asko dago atzetik: ordu asko bileretan, ordu asko telefonoan, ordu asko bideoak ikusten, ordu asko bakardadean... eta horiek dira “egiaren egunean” ezberdintasuna markatzen dutenak. 

Urteak daramatzazu Araskin. Nola baloratzen duzu klubak izandako bilakaera?

Klubak 10 urte baino ez ditu, eta uste dut eredugarria izan dela lehen urtetik izan duen bilakaera. Harrobiko hiru talderekin eta lehen mailako bi talderekin hasi genuen bidea. Bigarren urtetik aurrera harrobiko jokalari kopurua bikoiztea lortu genuen eta, hamar urteren buruaz,harrobian 300 jokalari biltzea lortu dugu eta 25 talde gara. 

Lehen taldeari dagokionez, filosofia argi batekin hasi ginen: Espainiar Estatuko jokalariak izaten saiatzea, Espainiako Emakumezkoen Saskibaloi Liga 2 txapelketara igoko zirenak.

Gauzak hala, urte batean jokalarien bilakaera hain ona izan zen, ezen igoera lortu genuela, inondik inora espero ez genuena.

Ez genuen dudarik izan: trenera igo ginen. Urte hartan dena izan zen bikaina: Erreginaren Koparako sailkatzea lortu genuen, bertan sei taldek soilik jokatzen zutenean. Play-Off-etara igarotzea eta lehen errondan gailentzea lortu genuen, finalerdiak jokatzera iristeraino. Magikoa izan zen.

Bigarren eta hirugarren urtean moldaketa urteak izan ziren. Iazko urtea oso berezia izan zen eta aurten espero dugu goranzko joera horri eustea. Pausoz pauso joan arren, eredugarria izan da bilakaera. 

Zein da arrakasta horren sekretua?

Gauza askoren batura izan dela uste dut. Zuzendaritza oso batua dago eta elkarrekin egiten du lan, erabateko  konfiantzarekin. Hori funtsezkoa dela deritzot.

Harrobiaren koordinazioan ere lan-talde garrantzitsua dago. Oso garrantzitsua da “Araski DNA” sortzea, klubarekiko atxikimendu sentimendua.

Horrek eragiten du geroz eta jende gehiago batzea, geroz eta neska gehiago egotea Lehen taldeko kide izateko ilusioarekin.

Era berean, Lehen taldeko jokalarien hurbiltasunak ere laguntzen du horretan, harrobikoen entrenamendu eta partidak ikustera joaten baitira. Gauza askoren baturan datza sekretua. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide