ARITZ ARBERAS ETA MIKEL LANDA

“Espero dugu Tourrean publikoa egotea, bultzada bat ondo dator noizean behin”

Aitor Aspuru Saez 2020ko eka. 11a, 07:00

MIKEL LANDA (Murgia, 1989) txirrindularia eta ARITZ ARBERAS (Amurrio, 1986) prestatzaile fisikoa Bahrain Maclaren taldeko kideak dira eta denboraldia kolokan egon bada ere, prest daude Tourrean lehiatzeko.

Nolako esperientzia izan da itxialdia eta eliteko kirola uztartzea?

Mikel Landa: Nire kasuan oso ezberdina. Lan guztia etxe barruan egin behar izan dut, inoiz baino gehiago zaindu, eta pazientzia handia izan.

Aritz Arberas: Prestatzaileontzat ere zaila izan da. Txirrindularientzat ez da egoera arrunta eta ahal genuen laguntza guztia eman diegu. Programak moldatu behar izan ditugu eta egoerara egokitu gara. 

Nolakoa izan da, berez, egunerokotasuna itxialdian?

M.L: Errutina mantendu behar genuen dena errazteko. Goizean etxe barruan aritu naiz txirrindularekin 1-3 ordu artean eta arratsaldean gimnasia ariketak egin ditut, gorputza indartzeko.  Egoera arruntean egunero errepidean ibiltzen naiz lauzpabost orduz eta lasterketetan parte hartzen dut. Lasterketa garaian gaude jadanik eta etxetik kanpo egon beharko nintzateke.

Eta zuk, Aritz, nola agindu diezu txirrindulariei zer egin behar zuten?

A.A: Metodologia bera erabili dugu. Plataforma batzuen bidez bidaltzen dizkiegu entrenamenduak eta ariketak. Gure kasuan, dena berriro prestatzen saiatu gara.  
Lasterketak noiz hasiko diren jakin bezain laster, saioak berriro egokituko ditugu eta taldearekin batera egingo dugu plangintza lana, zer etorriko den ikusita.

 

“Tourreko beroa saihestuko dugu, baina bestelako arazoak egongo dira, hori ziur”

 

Talde gehiagotan aritu zarete biok aurretik. Zerk ezberdintzen du Bahrain McLaren?

M.L: Oso teknologikoa da dena. McLaren txirrindularitzan sartu da eta ahal duen guztia aldatu nahi du hobetzeko. Zentzu horretan, teknologikoki asko laguntzen ari dira.

A.A: Bai, McLarenen teknologiak ematen du tartea esparru horretan hobetzeko. Nire kasuan, Rod Ellingwothek ezarri duen lan eredua ez dut lehenago inoiz erabili, eta niretzat berria izan da. Mikelek Rod Sky taldetik ezagutzen du, baina berak baliatzen duen metodologia ez nuen ezagutzen eta oso ondo dago. 

Talde profesional batean parte hartzen duzuenean, oro har, taldekideak urrun dituzue. Nola bizitzen ari zarete kide bat hurbil izatea?

M.L: Lana errazten du. Urrutiko talde batean zaudenean hainbat herrialdetako jendea dago. Etxeko norbait izatean dena errazten da eta konfiantza gehiago daukazu. 

A.A: Mikelek esan bezala, hurbil egonda, errazagoa da lana. Batu zaitezke kafe bat hartzeko eta gauzak nolakoak diren eztabaidatzeko.

 

“Gure taldearen denboraldiko helburu nagusia Tourra da”

 

Tourra abuztuan hasiko da, baina irailean lehiatuko da gehienbat. Zuen mesederako izango da aldaketa? Argi dago txirrindulariek ez dutela beroa hainbeste pairatuko, baina zer uste duzue?

M.L: Oso egoera arraroa eta ezberdina da guztiontzat, baina kirolean aurrera egiteko moldatu behar gara eta berdin dio noiz diren lasterketak eta nola. Tourreko beroa saihestuko dugu, baina bestelako arazoak egongo dira, hori ziur. Prest gaude horretarako.

A.A: Ez da egoera arrunta, baina eskerrak denboraldiko lasterketa batzuk egin ahalko ditugun, edo hori dirudi. Datorrena datorrela, ongi etorria izango da eta moldatuko gara.

Daten dantza nola bizi izan duzue? Denboraldi oso bat ez lehiatzea bizitza profesionalaren zati handi bati uko egitea da txirrindulari batentzat.

M.L: Momentu zailak izan dira. Etxean denbora gehiegi egon gara pentsatzen, eta txarra da gehiegi pentsatzea. Herrialde bakoitzak hartzen zituen erabakiak, astero aurreikuspenak aldatzen ziren eta zaila izan da lasaitasuna mantentzea. Egoera apurka hobetu den neurrian, argia ikusi dugu eta denboraldia salbatuko dugu. Hurrengo urteak normalak izango dira.

AA: Zaila izan da. Gure munduan aurreikuspenek pisu handia dute. Ezjakintasunak ez du laguntzen eta saiatu gara egunak igarotzen. Orain aurrera begiratzen ari gara.

Ez dago argi publikoa egoteko aukerarik egongo den Tourrean. Nola irudikatu duzue zuek?

M.L: Oso arraroa litzateke. Espero dut pertsonaren bat egotea. Babes horrek indar handia ematen digu eta hala espero dugu. Edonola ere, ez badago beste aukerarik, horrela izan beharko da. Guk nahiago jendea egotea, noizean behin bultzada bat ez dator gaizki.

A.A: Publiko gabe lasterketak oso ezberdinak izango dira. Txirrindularitza publikoa eta inguruko jendea ere bada. Aldaketa oso garrantzitsua izango da. Bestalde, guretzat, prestatzaileontzat, dena antzekoa izango da.

 

“Ea Tourreko podiumean amaitzea lortzen dugun, hori ez da gutxi”

 

Mikel, iazko denboraldia gorabeheratsua izan zen Movistarren bi buru zeudelako taldean, baina aurten lider bakarra zara Bahrain McLarenen. Nolakoa da hori zuretzat?

M.L: Oso lasai eta oso babestuta sentitzen naiz. Talde osoa dago niri begira eta laguntzeko prest eta horrek lasaitasun handia ematen du. Tourrerako dena prest egongo dela ziurtatzen dut.

A.A: Niretzat Mikelekin lan egitea poztasun handia da. Duela urte pilo ezagutzen dut eta zerbaitetan lagundu ahal badiot, bikain. Gainera, garaipenak lortzeko bada, askoz hobeto.

Iaz Movistarren denboraldi osoa grabatu zenuten barrutik eta telebista saio dokumentala egin zen: El día menos pensado. Nolakoa da etengabe kamararen aurrean egotea?

M.L: Oso ekimen polita eta ikusgarria izan zen. Txirrindularitzan osagai interesgarri asko daude erakusteko, ez bakarrik lasterketak. Dokumental horretan horietako batzuk ikusten dira.
Dokumentala ikusi nuenean ez zen ezusterik egon. Nik bizitakoa islatzen du eta, batez ere, izandako une onak gogoratu zizkidan; Giroan bereziki, Tourrean denetarik izan genuen eta. Gogoko izan dut berriro ikustea.

Aritz, zu prest egongo zinateke horrelako zerbait egiteko?

A.A: Bai, uste dut Movistarren dokumentala polita izan dela txirrindularitza zaleentzat. Ikus dezakezu etapa bukatzen denean zenbat gauza gertatzen diren eta txirrindularitza nolakoa den barrutik. Estresa eragiten duten uneak ere badaude eta ziur momentu horietan ez dela gustuko kamara alboan izatea, baina gure lana da. Ez dakit nola hartuko nukeen kamara bat hor izatea. Interesgarria litzateke.

M.L: Azkenean ez zara konturatzen. Ahaztu egiten duzu eta ez duzu ikusten.

Zeintzuk dira zuen helburuak denboraldi honetarako?

M.L: Guretzat denboraldi honetan helburua Tourra zen, hasieratik. Egungo egoeran helburuak oso ondo aukeratu behar dira eta gure kasuan hasierako asmoari eutsiko diogu. Ahalik eta hoberen egiten saiatuko gara, ea podiumean bukatzen dugun; hori ez da gutxi.

A.A: Taldean helburu nagusia Tourra da. Mikelek erakutsi du gai dela hor egoteko.

Mikel, Aiaraldean harreman estu ugari dituzu eta maiz etorri zara hitzaldietan edo mahai-inguruetan parte hartzera. Nolakoa da txirrindularitza elkarte eta taldeekin duzun harremana?

M.L: Aiaraldean txirrindularitzak garrantzi handia dauka. Betidanik jende asko ibili da bizikletan, txirrindularitza kultura dago eta nik hemengo hainbat lasterketetan parte hartu dut. 

Hortaz, jende gazte berria erakartzeko edo mantentzeko balio badu, zergatik ez lagundu eta babestu ahal den guztia?

A.A: Gazteek Mikel bezalako erreferentea izatea garrantzitsua da, erakusten baitu berak egindako bidetik mailarik altuenera heldu zaitezkela. Saiatu beharra dago eta gazteek pozik entzuten dute Mikelek kontatu behar duena, ideiak hartzen dituzte. Zorte hori daukagu, horrelako kirolari bat izanda.

Eta Aiaraldean zein ibilbide duzu gogoko entrenatzeko?

M.L: Askotan Murgiatik ateratzen naiz, Altubetik jaisten naiz Laudioraino, Amurrio igaro eta Urduñaraino jotzen dut mendatea igotzeko berriro etxera itzultzeko. Ez dut esango egunero egiten dudanik, baina astean lau edo bost aldiz bai. 

Txirrindularitza, zalantzarik gabe, kirol gogorrenen artean dago. Nola azaldu sufrimendu hain handia sortzen duen kirolaren plazera?

M.L: Zerbait maitatzeko, une onak eta zailak eman behar dizkizu. Txirrindularitzaren kasuan, agian momentu txar gehiago daude, baina une onak oso-oso goxoak dira eta beste guztia ahazten duzu. 

A.A: Nik txirrindulariei beti esaten diet behin irabazteko ehun aldiz galdu behar dela. Berez, txirrindularitza hori da. Behin eta berriro saiatu eta, azkenean, garaipena etortzen da. Gure kirolaren ezaugarria da eta hori ahalik eta azkarren ulertuta, hobeto gozatzen da.

Aurtengo Tourrari begira, zein etapari erreparatu beharko diogu bereziki?

M.L: Aurten zaila izango da asmatzea. Mendiko edo erdi mendiko etapa ugari daude. Pirinioek ez dute, printzipioz, garrantzi handia, baina lehenengo asteburuan agian hor ezusteak egongo dira.

A.A: Tourra beti da zaila. Alpeak ere egongo dira, eta egunero borroka dago. Zaila da etapa bakarra zehaztea, egunez egun dena aldatzen baita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide