Athleticek fitxatu zaitu. Noiztik?
Iaz hasi nintzen Athleticen. Udan deitu ninduten, Gasteizko Aurrera taldea utzi eta Lezamara joatea erabaki nuen. Oso ondo eta pozik nago. Txikitatik izan naiz Athleticekoa, eta niretzat ametsa izan da. Ez nuen espero.
Zer suposatzen du futbolari batentzat Athleticeko kide izateak?
Ohorea da. Talde bezala erreferentzia da. Nire kasuan, txikitatik joan izan naiz San Mamesera eta Lezamara nesken partidak ikustera. Beraz, niretzat ametsa da Athleticen egotea.
Uneotan Euskal Ligan jokatzen nabil, bigarren taldearekin egin nuen aurredenboraldia, eta partida batzuk jokatu ditut eurekin. Normalean, bigarren eta hirugarren taldeetan ibiltzen naiz.
Emakumezkoen futbolean kategoriak ezberdinak dira: lehen maila, 1B Liga nazionala, Euskal Liga eta lurraldekoa. Ni orain Euskal Ligan 1B kategorien artean nago, bi taldeetan. Hurrengo urtean ez dakit zein ligan arituko naizen, oso pozik daudela nirekin esan didate, eta jarraituko dudala, baina ez dakit non.
Ikasketak eta futbola uztartzen dituzu. Gogorra al da?
Athleticek garraioa jartzen digu Amurriotik Lezamara joateko, eta hori sekulakoa da niretzat; gurasoek ez dute kezkatu behar. Ikastetxetik ateratzean autobusa izaten dut zain, eta herriz herri joaten gara futbolariak biltzen, baina ordubetean Lezaman gaude. Oso erosoa da, eta ez dugu ordaindu behar. Astero lau egunez joaten gara (bi orduko saioak dira), eta horrez gain asteburuetan norgehiagokak ditugu. Arratsalde osoa ematen dut horrela, baina bidaiaren denbora ikasteko aprobetxatzen dut.
“Alarma egoeran Zoom bidez entrenatu dugu gure etxeetan”
Berrogeialdiak nola eragin du futbol munduan?
Konfinamenduan Zoom bidez entrenatu dugu. Prestatzaile fisikoak ariketak jartzen dizkigu, eta guk imitatu egin behar dugu bera. Bi ordu egon gara etxean entrenatzen, eta gero korrika egitera atera behar izan gara. Guretzat lan bikoitza izan da, Lezaman baloiarekin eta abar beste ariketa mota batzuk egiten ditugulako; dibertigarriagoa da. Konfinamenduan pesak, flexioak… egin behar izan ditugu. Niri ez zaizkit gustatzen baina… gehien gustatzen zaidana futbolean jolastu eta lagunekin egotea da.
Orain arteko ibilbidea nolakoa izan da? Noiz hasi zinen futbolean?
8 urterekin hasi nintzen Amurrioko Etorkizuna taldean. 14 urterekin utzi behar izan nuen taldea, mutilekin ezin bainuen jokatzen jarraitu. Orduan, Gasteizko Lakua taldera joan nintzen, 15-16 urterekin. Lakuakoekin Euskal Ligara igo ginen, eta horrela heldu nintzen Aurrera taldera (Gasteiz). Nolabait esateko, ligatik ligara igotzen joan naiz, Athleticen bukatu dudan arte. Athleticekoak jarri ziren Aurrerako lehendakariarekin kontaktuan, eta horrela esan zidaten taldez aldatzeko.
Zein da zure postua zelaian?
Hegalekoa naiz, lateral estremoa. Oso eroso sentitzen naiz hor.
Futbolari gisa, zein da zure helmuga?
Momentuz lan egitea da nire helburua, nahiago dut horrela bizi. Oso pozik nago Athleticen, gustatzen zaidana egiten dut, eta ahalik eta maila onena lortzeko egingo dut lan, baina itsutu gabe. Nire helburua disfrutatzea eta lan egitea da, egunero gozatzea. Kategoriaz igotzen jarraitzea nahiko nuke, baina nagusiki, bideaz gozatu nahi dut.
“Bi ordu egon gara etxean entrenatzen, eta gero korrika egitera atera behar izan gara”
Futbol profesionalerako jauzia handia al da?
Bai. Bigarren mailako taldea profesionalizatu egin dute: soldata eta konpromisoa dute. Ez dute Euskal Herrian jolasten, Kataluniara, Galiziara… joaten dira. Salto handia da. Ni erdian nago uneotan, baina batetik besterako aldea handia da; entrenamenduetan batez ere.
Emakumezkoen futbolak, hala ere, aurrerapauso handiak eman ditu. Hitzarmena dugu orain, eta baldintzak hobetu dira, atzetik goazen jokalari guztientzat. Azken urteetan asko aldatu da emakumezkoen futbola, zelai asko zabaldu dira, eta ikusgarritasun handiagoa ematen zaio. Ni ez naiz profesionala, ez da mutilen parekoa oraindik, baina bagoaz pixkanaka aurrera. Hala ere, asko geratzen da egiteko.
San Mamesen emakumeek ere jolastea beharrezkoa zen salto handia izan da, ezta?
Bai, gainera, lehen taldeko jokalari batzuk nire entrenatzaileak izan dira. Zure erreferenteak San Mamesen jokatzen ikusteak poz handia ematen du. Ez zaude zu zelaian, baina zure zati bat bai. Ohorea sentitzen duzu horrelakoetan, niretzat amets bat bezalakoa da.
Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Jokalari moduan gustuko ditudanak Ainhoa Moraza eta Yuri Berchiche. Erika ere asko gustatzen zait, txikitatik izan baita nire entrenatzailea. Pentsatzen jarrita, niri ere gustatuko litzaidake entrenatzaile eta erreferente izatea: niri irakatsi didatena beste batzuei erakusteko. Nire bizitza futbolari lotuta egongo da beti.
Euskal selekzioarekin ere aritu zara...
Bai! 12 urterekin Kanariar uharteetara joan nintzen Espainiako txapelketa jokatzera. Etxean kontatu nienean, ez zuten sinetsi. Izugarria izan zen, 5 egun igaro genituen Kanarietan jokatzen. Txikia izan arren, niretzat sekulakoa izan zen 12 urterekin Euskal Selekzioan jolastea, jokalari hoberenen lagunak egitea....
16 urtez beherakoekin ere deitu egin ninduten, Lakuan nengoela; eta Aurreran nenbilenean ere bai (17 urtetik beherakoekin).
“8 urterekin hasi nintzen Amurrioko Etorkizuna taldean. Ligatik ligara igotzen joan naiz, Athleticen bukatu dudan arte”
Gero eta neska futbolari gehiago daude?
Bai, dudarik gabe. Plazatik pasatzean neskak futbolean ikusten ditut, eta asko pozten nau horrek. Horrez gain, talde gehiago daude egun, federazio fitxak ere. Amurrion ez dago nesken talderik, baina Urduñan eta Laudion bai.
Adinean gora, zergatik uste duzu uzten duela jendeak futbola?
Ikasketak tartean daudela eta, neska askok jokatzeari uzten diote. Azken finean, emakumezkoak ezin gara futboletik bizi, eta esfortzu handia eskatzen du. Ni pozik nago momentuz, eta IVEF ikasteko asmoa dudanez, ez dut uste asko baldintzatuko nauenik, kirola egiten jarraituko baitut.
Zein mezu zabaldu nahiko zenieke eskualdeko futbolariei?
Beraien ametsei jarraitzea. Norbaitek esanez gero ezin duzuela, eutsi edo segi! Futbola gustuko baduzue, horretan jarraitu! Niretzat garrantzitsuena disfrutatzea da. Entrenatzaile batek esan zidan hori behin, eta hala da: lesioek edo beste edozein kontuk amai dezake gure karrera. Nik nahiago dut bizipenaz disfrutatzea, eta ametsak jarraitzea.