Zein da zure egungo egoera pilotari moduan? Askok esaten dute elitera heltzeko aukerak dituzula.
Orain asko hobetu behar dut maila profesionalera heltzeko. Baiko Pilota enpresarekin entrenatzen dut orain. Berez, Amurrioko klubarekin jokatzen dut, baina astean birritan Miribillan entrenatzen dut eliteko jokalariekin eta ni bezalako gazteekin. Hau da, kontratua duten baina profesionalak ez direnak.
Mikel Urrutikoetxearekin, Andoni Aretxabaletarekin, Ibai Zabalarekin, Larunberekin, Salaberrirekin... izan ditut entrenamenduak. Batzuetan profesionalak eta ez garenok nahasten gara.
Harreman oso ona daukat guztiekin, laguntzen gaituzte eta oso ondo dago eurekin aritzea. Irakasten digute takoak nola egiten diren eta gure posturak ere zuzentzen dizkigute.
Duela bi urte egiten ditut saioak profesionalekin. Aldea oso handia da. Agian teknikan edo jokatzeko orduan parekatuak gaude, eurak hobeagoak izanik, baina itzela da daukaten sasoi fisikoa. Nirea oso txarra da euren alboan, hobetu beharra dut.
Zer egin behar duzu hobekuntza hori lortzeko?
Ohikoan, esan bezala, birritan entrenatzen dut eurekin astero, baina koronabirusa dela eta, etxean kirola egin dut egunero.
Sasoi fisikoa ez ezik, eskuak landu ditut egunero eta frontoian nire mugimenduak jorratu behar ditut azkarrago egiteko. Prestatzen garenean egiten dudan ariketa bat da lau jokalariren artean frontoiko leku batetik bestera ni mugiaraztea.
Nolakoa izan zen hautaketa Baiko Pilotarekin kontratua sinatzeko?
Uste dut nola jokatzen nuen ikusi zutela. 33 txapela irabazi ditut eta horietakoren batean ikusiko ninduten. Garaipen horien artean 10 garrantzitsuak dira. Adibidez, iaz Biharko Izarrak txapelketan gailendu nintzen 4 ½an eta diziplina berean Zaldibarren. Gasteizera joateko deitu ninduten, kontratua sinatzeko. Nik ez nuen ideiarik hori nola egin behar zen.
Bizitza ez zait, berez, asko aldatu, baina gehiago lan egin behar dut. Egunero entrenatu beharra dut eta elikadura kontrolatu behar dut.
Itxialdiak iraun duen bitartean asko entrenatu dut, ahalik eta gutxien jan dut eta aukera izan dudanean pilotarekin aritu izan naiz.
Hain gaztea izanik, nola eragin dizu kontratu horrek?
Nik argi daukat ikasketekin jarraitu behar dudala. Mekanizatuko goi mailako gradua egingo dut aurten. Lehenik eta behin ikasketak amaitzea dut buruan,eta gero kirola. Pandemia baino lehen goizak Zaraobe Institutuan ematen nituen eta gero, arratsaldez, bi astean behin Miribillako frontoira joaten nintzen entrenatzera. 16:00etatik 18:00ak arte, gutxi gorabehera.
Uste dut itxialdiak ez didala gehiegi eragingo epe luzera. Hori bai, orain eskuak ahulak ditut. Egunero jokatu beharko dut gogortzeko.
Pentsatu duzu noiz heldu zaitezkeen profesionaletara?
Ez dakit. Lehenik eta behin hobetu behar dut eta gero enpresak erabaki behar du. Dena den, nire aitak jokatzen zuen, eta nire aitonak ere. 7 urte ditudanetik praktikatzen dut eta geroztik frontoian egon naiz. Profesionala izatera heltzen banaiz, primeran, ametsa baita, baina ez bada gertatzen frontoian gozatzen jarraituko dut. Momentuz lasai nago, apurka-apurka eta dena emateko prest.
Non sentitzen zara erosoen frontoian, atzean edo aurrean?
Pilotaleku osoan. Banaka aritzea gogoko dut. Indar handia daukat eta bolea oso ona, baina kostatzen zait gehiago mugimenduak egitea aurrelari izateko. Hobetu behar dudan beste ezaugarria da puntuak ahalik eta lasterren bukatzea bilatzen dudala, ondorioz, batzutan burua joaten zait eta hanka sartzen dut. Gehiago pentsatu behar dut. Ez dakit nola hobetuko dudan, baina lasaitu behar naiz. Entrenatzaileak esan dit lasaiago ibili behar naizela. Pablo Berasaluze da nire prestatzailea eta oso ondo sentitzen naiz berarekin, asko ikasten dut.
Zeintzuk dira zure erreferenteak pilotan?
Oso gogoko nuen Titín eta Mikel Urrutikoetxea ere. “Urrutik” gaitasuna dauka edonon jokatzeko, atzelari zein aurrelari moduan eta ondo egiten du beti. Titín oso ona zen aurrean.