Izate Faltsua taldeak bere hirugarren lana aurkeztu berri du. Amorru bizia izendatu dute diskoa, eta 8 kantu ditu. "Hilabete amaieran aterako da. Urte eta erdi behar izan dugu konposatzeko, gutxi gorabehera", azaldu du Sagu taldekideak. Aurreko lanekin alderatuta, metalaren hainbat adar jorratu dituzte, "xehetasunak pixka bat gehiago finkatuz".
Burubioko Sustraiak Records estudioan egin dute grabaketa, Egoitz Palaciosekin. Pandemiagatik, ordea, proiektua eten behar izan zuten. Hala, hilabete eta erdiren ostean, maiatzean, berrekin zioten nahasketa eta masterizazioari Gasteizko Silverstar Studiosen. Iker Bengoa teknikariaren laguntza izan dute horretarako.
8 abesti
"Metal estiloko 8 abesti dituen diskoa da. Gaia aurrekoetan bezalakoa da, gaurkotasunari buruzko gure ikuspuntua, eta gauzen bilakaeraren kritika", zehaztu dute.
Gor disketxeak banatuko du lana, eta disko-dendetan egongo da eskura. Hala ere, Spotify, Itunes, Amazon edo Bandcamp plataformetan ere entzun ahalko da.
Aurkezpen birari buruz galdetuta, kontzertuak oraindik "airean" dituzte: "Instituzioetatik bizi dugun egoeran ez da kultura ezer lagundu. Beraz, diskoa mugitzean zentratuko gara eta egoera onean jotzeko aukera dagoenean aurkezpen bira prestatuko dugu".
Kolaborazioak
Atzo estreinatu zuten lehenbiziko abestia, singlea. Zirkua du izena singleak. Horrez gain, diskoak hainbat kolaborazio ditu: "Childrain taldeako Iñi Bengoak eta Eraso! taldeko Ruizek parte hartzen dute bi abestitan". Azala, berriz, Ruben Gonzalek abeslariak egin du.