Abian dago berriz Burubio, eskualdeko kulturaren alde lan egiteko prest

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 16a, 07:30
Kultur eskaintza etetea erabaki du elkarteak, entsegu lokalak eta beste aretoak abian badaude ere/ Burubio K.E.

Entsegu lokalak abian daude dagoeneko. Kultur eskaintza dagokionez, momentuz ez dute ezer antolatzeko asmorik.

Burubio Kultur Elkarteak ateak ireki ditu berriz, azken hiru hilabeteetan bere jarduna erabat gelditu ostean. Alarma egoera piztu zenean elkarteko kideek bertan behera utzi behar izan zituzten programatuak zituzten ekintzak, 4. urteurrenaren ospakizuna barne. “Gehien larritzen gaituena kultur eskaintza gelditu behar izatea da. Badirudi gizarte honetan kultura oso leku urrunean kokatzen dela instituzioen aldetik”, salatu du Egoitz Palaciosek, “turistak etor daitezke edo kotxe berri bat erosi dezakezu, baina kultur sektorea erabat ahaztuta dago deskonfinamendu prozesuan”.

Ixteko zorian

Burubioko kideak gaineratu duenez, entsegu lokalak ia 3 hilabete egon dira hutsik, ezin zirelako ireki. “Denbora tarte honetan jabearekin behintzat akordio batera heldu gara, baina beste gastu batzuk aurrera jarraitu dute”. Horrez gain, udalarekin komunikatzea “nahiko zaila” suertatu zaiela gehitu du kideak, “diru laguntzak kobratzearen zain gaude oraindik, eta ixtea behin baino gehiagotan baloratu dugu serioski”. Hala ere, “kulturaren alde lan egiten” jarraituko dutela ziurtatu dute, “nahiz eta oso zaila eta neketsua izan kapitalean eta kontsumo artifizialean oinarritutako sistema honen kontra egitea”.

Entsegu lokalak martxan daude dagoeneko. “Konfinamenduarekin pare bat lokal hutsik geratu ziren, eta orain apurka-apurka bagoaz normaltasunera bueltatzen”, azaldu du Palaciosek. Lokal bat libre dute oraindik, baina laster betetzea espero dute. “Poztasun handia da musikari eta sortzaileak berriro bertatik ikustea”.

Grabaketa estudioa ere abian dago berriz, eta baita areto nagusiko jarduna ere. “Baditugu dagoeneko erreserba batzuk, bideoklipak grabatu edo entsegu orokorra egiteko”. Beraz, alde horretatik “pozik” daude Burubioko kideak.  

Aurrera begira

Egoera ikusita, bi helburu nagusi zehaztu dituzte datozen hilabeteetarako: lokalak betetzea eta publikorik gabeko jardueretan “buru-belarri” sartzea. “Kultur zentro bezala hazi nahi dugu, eta baditugu zenbait bide jorratzeko hemendik aurrera”, aurreratu du Palaciosek. Egiten duten lan guztia “modu boluntarioan” garatzen dutela nabarmendu du, halaber.

Kultur programazioari dagokionez, momentuz ez dute ezer antolatzeko asmorik.  “Sektoreren egoera ikusita, ez zaigu batere etikoa iruditzen egitarua osatzea”. Salatu dutenez, hainbat langile eta kultur eragile guztiz geldirik daude, “lanik gabe, diru laguntzarik gabe eta, are larriagoa dena, etorkizunari begirako neurri konkreturik gabe, ezjakintasun izugarriarekin”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide