"Amurrioko ekonomia zaurgarriena zaintzeko prestatu dugu Amurrion Bizi programa"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko eka. 16a, 13:09

Gaur goizean izan da agerraldia Amurrioko Udaletxean. / Aiaraldea.eus

"Amurrion bizi" programa aurkeztu du gaur goizean Amurrioko Udalak. Tokiko merkataritza sustatzeko zenbait ekintza eta partida zehaztu dituzte. Orotara, 555.275€ bideratu dituzte gizartea babesteko eta ekonomia suspertzeko plan integralera.

"Irudiak, sentimenduak eta bizipenak" bildu dituzte horretarako ikus-entzunezko batean, besteak beste. "Konfinamenduaren testuinguruan norabide berean sentitu ginen amurrioarrak. Elkartasuna, gauzak partekatzeko gogoa... Jende askok bakoitzak gure eremutik ekarpena egiteko gogoa izan genuen", azaldu du Txemi Llano spotaren egileak, "guztioi dagokigu ingurua zaintzea". Amurrioko toki eta pertsona anitzak bilatu ditu Llanok: "Orain da garaia Amurrion erosi eta bizi daitekeela erakusteko". 

 

Spota Amurrioko Udalaren kanpaina berriaren euskarrietako bat baino ez da. Josune Irabien Marigorta alkateak prentsa agerraldian azaldu duenez, 555.275€ bideratuko ditu tokiko erakundeak gizartea babestu eta ekonomia suspertzeko plan integralera. "Amurrion bizi" leloa jarri diote kanpainari, eta bi ardatz ditu: herritarrak erdigunean jartzea (46.675€) eta, bestetik, ekonomia suspertzea (508.600€).

 

"Bizitako egoerak irakaspen ugari utzi ditu. Ardatza herritarren inplikazioa izan behar da", erantsi du Irabienek, "laguntza edo babesik handiena amurrioarrena da". Amurrio Trailekin batera osatutako sarea jarri du adibidetzat alkateak: "1.000 dei baino gehiago egon dira Amurrio Trailekin abiatutako dinamikan. Gainera, maskarak etxez etxe banatu dituzte postaz bidali beharrean gainera". 

 

46.675€ bideratu ditu udalak konfinamenduan zehar herritarrentzat egitasmoak abiatu edota egokitzera.  Gaur aurkeztutako kanpainak herritarrak eta tokiko merkataritza ditu ardatz

Konfinamendu garaian hartutako neurriak

 

Horrez gain, herritarrei arreta psikologikoa eskaini zaie konfinamendu garaian. Ildo beretik, larrialdi egoerarako diru-laguntzak eraginkortu dituzte, prozesua azkartzeko mekanismoak bilatuta. Halaber, aisialdi begira, koronabirusarekin lotutako marrazki eta bertso txapelketa antolatu ditu udalak, "eta edadetuentzako isolamenduan ariketa fisikoa egiten jarraitzeko solasaldiak eskaini dira" . Bestalde, Herritarrentzako Arreta Zerbitzua eta webgunea indartu dituzte, gobernuburuaren esanetan, edota liburutegiko dinamika erabiltzaileen iritziak jasota berritu. Guzti hori gauzatzeko 46.675€ bideratu dira. 

 

Tokiko merkataritza sustatzeko kanpaina

 

Kanpainaren bigarren ildoak, tokiko merkatariak ditu oinarrian. Eurekin bildu ostean diseinatu dute egitasmoa: "Beste udalerri batzuetan lehenago abiatu dituzte laguntzak, baina guk itxarotea erabaki dugu, eredua ez errepikatzeko". Alderdi politikoen ekarpenak jasota aurkeztu dute emaitza prentsaurrekoan. Ostalaritza, kultur sektorea... barne hartzen ditu proposamenak, jarduerak abiatzeari begira.

 

Alkatearen hitzetan, bono sistema ezartzea du buruan tokiko erakundeak, "baina 20.000 euroko partida beranduagorako gorde dugu, akaso beste garai batean izango baita beharrezkoagoa". Hala ere, online salmenta prestatu dute, Amurrio Antzokiko sarrerak modu horretan eskuratzeko aukera egon dadin aurrerantzean, besteak beste. 

 

Udako ostiral eta larunbatetan kultur jarduerak antolatuko dituzte, aforoa mugatuta 

Horrez gain, udako asteburuetan kultur jarduerak antolatuko dituzte, aforoa mugatuta bada ere. Langabeziari aurre egiteko, berriz, 100.000€ gehiago gordeko dituzte, baita Larrialdi Zerbitzuetarako diru-laguntzetan ere. "San Anton plazako merkatuko tasak ere etengo ditugu, 38.000€ izanik, laguntza garrantzitsua da". Bestetik, itxita egon diren komertzioetan zabor tasa bertan behera utziko dute.

 

Zaintza zerbitzurako laguntzak

 

Bestalde, kontziliazioaren afera ekarri dute mahai gainera: "Guraso bakarrak, bikoteak... eskolen itxierak eragin nabarmena izan du zaintzan. Udalekurik ez denez egongo, familia unitateentzat 50.000 euroko laguntza eskainiko dugu, zaintza zerbitzua kontratatu ahal izateko martxotik uda amaiera arte". 

 

Etxeko langileen egoerari ere jarri dio arreta udalak: "Alderdi politikoen ekarpena izan da, eta 10.000€ jaso ditugu sektore honetako pobreziari erantzuteko". Txerra Molinuevok aurreratu duenez, ekainaren 25eko osoko bilkuran landuko dute gaia, baina enplegu gabe geratu direnei eragingo die batez ere neurriak, "osoko bilkuran aurkeztuko dugu proposamena, batzordeetan lantzen gabiltza eta".

 

"Amurrioko ekonomia zaurgarriena zaintzeko prestatu dugu Amurrio Bizi programa", erantsi du alkateak. 555.275 euroko laguntza aurrekontu orokorretik atera dute, "hainbat partidetatik lehentasunak zehaztu ditugu: jaiak, oporretan euskaraz... aurrekontuak berkokatu ditugu". 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide