Autokontsumoa bermatzeko eguzki plakak instalatzen ari da Amurrioko Udala hiru eraikin publikotan. Lanek guztira 70.000 euroko kostua izango dutela aurreikusi du tokiko erakundeak. Europar Batasunak 33.250 euro emango ditu laguntza moduan.
Lehenengo eraikina El Refor izango da. % 20-22ko ordezkapen energetikoa lortu nahi dute bertan, eta 15.970,79 euroko kostua izango dute lanek. Ekain taldea SL enpresak egingo du obra. Guztira, 10,230 kWp-ko instalazioa jarriko da, 310 Wp-ko 33 panelez eta 20 kw-ko potentzia inbertsore batez osatua.
Bigarrena Lucas Rey eskola publikoa izango da, % 15eko ordezkapenarekin. E-Block Energy Trade SL enpresak egingo du moldaketa 8.975,78 euroren truke. Guztira, 6.299 kWp-ko instalazioa egingo da, 310 Wp-ko 20 panelekin eta 5 kw-ko potentzia inbertsore batekin.
Hirugarren eta azken lana Zabaleko ikastetxean egingo da 5.015 kWp-ko instalazioa jarrita. 295ko Wp-ko hamazazpi panel eta 5 kw-ko potentziako inbertsorea jarriko dira. Horrek 9.075 euroko kostua izango du. Ekisolar Iniciativas de Tecnología y Sostenibilidad SL enpresak egingo ditu lanak, % 13-26ko ordezkapen energetikoa lortuta.