Nola daramazu selektibitatearen prestaketa? Zeintzuk dira zure asmo eta aurreikuspenak?
Beno, aurrera doa pixkanaka. Hasieran pentsatzen nuen egoera honen ondorioz selektibitatearen data atzeratuko zenez, onuragarria izan zitekeela edo behintzat alde ona aterako niola. Baina ez. Izugarrizko nekea sumatzen dut, eta baita interes falta ere. Eta orain, data beldurgarriak hurbilago daudela, estres ikaragarria.
Hurrengo urtean, nire asmoa da Lehen Hezkuntzako gradua ikastea, hirueleduna, Gasteizen. 9,3ko nota lortu behar dut horretarako. Hala ere, goi mailako zikloetan ere eman dut izena, batek dakielako selektibitatean zer gertatuko den.
Nola ari zara zure burua antolatzen ikasteko?
Momentuz ez daukat errutina finkorik, ikastea besterik ez. Egunean bertan gorputzak eskatzen didana ikasten dut baina data hurbildu ahala imajinatzen dut geratzen zaidanarekin gogorrago jarriko naizela. Selektibitatearen mamuarekin askotan geure buruak gehiegi presionatzera jotzen dugu ikasleok, ni neu barne, baina ez da batere osasungarria. Ikasi behar da, bai, baina mundua ez da selektibitatean bukatzen, ezta beste edozein azterketan ere.
Koronabirusaren krisiak nolako eragina izan du zure ikasketa prozesuan?
Esan bezala, hasieran egoera honen alde ona ateratzea posiblea zela pentsatzen nuen, denbora hobeto antolatzeko batez ere. Baina guztiz kontrakoa izan da. Goizean esnatzen nintzenetik gauean lokartzen nintzenera arte, klase telematikoak, lanak eta egiteko gehiago izan ditugu. Bigarren batxilergoa, berez, ikasturte oso gogorra da eta egoera honek are gogorragoa bihurtu du. Gainera, koronabirusaren krisiaren ondorioak ez dira horretara mugatzen, hirugarren ebaluaketako edukia selektibitatean sartzen delako. Telematikoki eta modu txarrean emandako eduki berbera.
Zure ustez, selektibitatea modu egokia da ikasleak unibertsitateari begira ebaluatzeko? Zergatik?
Ez, inolako dudarik gabe. Bi urte ematen ditugu etengabe ebaluatuak izaten. Batxilergoa nahikoa izan beharko litzateke unibertsitatera joateko. Azterketa bat gehiago dela esaten digute, gu lasaitzeko asmoarekin edo, baina ez, ez da azterketa bat gehiago.
Bi urteetan zehar egindako lan guztia zakarrontzira bota dezakeen azterketa da, ikasleak lehiakortasunera, indibidualizaziora eta presiora kondenatzen gaituen azterketa. Selektibitatea “no es lo que hay” eta ez dago egiteko inolako beharrik.
Nire ustez, salbuespen egoera hau izan beharko litzateke selektibitatea behin-betiko kentzeko momentua.