Gaur inauguratuko duzu erakusketa La Casonan. Zure lanak Amurrion ikusi ahalko diren lehen aldia da, ez?
Hala da, bai. Artium museoak egin ditu bitartekari lanak. “Fotonovela” da erakusketaren izenburua eta gaurtik aurrera egongo da ikusgai.
Artium museoan aurkeztu nuen eta baiezkoa eman zidatenean ilusio handiz hartu nuen. Proiektuaren barruan Amurrioko jendearekin ikastaro bat egitea ere sartzen zen.
Oso talde jatorra atera zen. 17 emakumek hartu zuten parte eta eurek eginiko pieza guztiak ere egongo dira ikusgai erakusketan. Oso esperientzia polita izan zen. Emakume guztiak adin ezberdinetakoak izan ziren eta lan-giro ederra sortu zen.
Zeramika eta marrazkiak uztartu dituzu erakusketan. Nola uztartzen dira bi diziplina horiek erakusketa bakar batean?
Iazko azaroan hasi nintzen erakusketa prestatzen. Azken urte honetan eginiko lanak dira batez ere. Zeramikak eta marrazkiak egongo dira. “Fotonovela” izena jartzea bururatu zitzaidan lanetako batean marrazkia eta zeramika nahastu nituelako, komiki moduko bat eginez. Zeramikazko pertsonaia batzuk egin nituen eta gero argazkien bidez istorio bat garatu nuen. Pieza horrek ematen dio izena erakusketari.
Betidanik marraztu izan dut. Arte Ederrak egin nituen unibertsitatean, eta bertan ezagutu nuen zeramika. Oso medio erraza da eskultura egiteko, plastilinaren modukoa delako. Marrazten nituen pertsonaia horiek zeramikara pasatzen hasi nintzen orduan.
Zure pieza guztiek oso estetika zehatza jarraitzen dute, baina ere berean, asko inprobisatzen duzula diozu.
Uste dut estiloa nire kasuan prozesuaren emaitza dela. Izan zeramika egiteko edo marrazteko, prozesu bera erabiltzen dut beti: pixka bat inprobisatzea. Normalean ez naiz ideia finko batetik abiatzen.
Asko marraztu dut, eta asko kostatu zait estilo batekin eroso sentitzea. Erreferentzia asko ditut. Marrazten hasi nintzenean komikiei erreparatzen nien. Gero Tumblr erabiltzen nuen, eta orain Instagram. Egiten ditugun gauzak Instagramen jartzen ditugu normalean eta bertan oso sare interesgarria sortzen da.
Sare sozialek pisu handia dute, beraz. Zer funtzio betetzen dute zure jardunean?
Nire kasuan sare sozialak oso garrantzitsuak izan dira. Lan gehienak Instagram bidez ateratzen zaizkit, nire lana sare sozial horretan agertu delako. Niretzat funtsezkoa izan da.
Eta erakusketek?
Erakusketak sistema tradizionala izaten jarraitzen dute, baina pandemiari “esker” berritu egin direla esango nuke. Internet bidezko erakusketak ugaritu dira. Hiru dimentsioetako aretoak, errealitate birtualeko betaurrekoak... asko erabiltzen ari dira.
instituzioek antolatzen dituzte normalean, eta oso gauza instituzionalizatuak izan ohi dira. Sare sozialek duten gauza ona hori da, ez daude instituzionalizatuak. Badaude erakusketak ikustera bertaratzen den jendea,baina askotan “tokiko anekdota”moduan geratzen dira.
Nola bizi izan dituzu konfinamenduan igarotako hilabeteak? Sorkuntzan sakontzeko balio izan dizute?
Nik etxean egiten dut lan normalean. Horregatik,ez dut ezberdintasun asko nabaritu (barreak). Baina izan dut lana. Karmele Jaioren alegia bat ilustratzen aritu naiz. Hori izan da nire konfinamendua, bizitza arruntean baino gehiago lan egitea.
Ilustratzen duzun lehen liburua izango da?
Bai. Egin ditut bestelako ilustrazioak, baina aldizkari eta argitalpen txikietarako. Horrez gain, asko gustatzen zait autoekoizpena. Lan asko argitaratu ditut nire kabuz.
Nola uztartzen dituzu zure sorkuntza lan propioak eta mota horretako enkarguzko lanak?
Elkar-elikatzen dira, baina ez doaz batera. Zerbait ilustratu behar dudanean brief (plangintza) oso zehatz bat dago, jarraitu beharrekoa. Erakusketetan ez dago halakorik, nahi dudana egin dezaket. Gauzak hala, erakusketetan garatutako ideiak baliatzen ditut batzuetan enkarguzko lanak garatzeko.
Zure ibilbideko zein lan edo esperientzia nabarmenduko zenuke?
Esperientzia aldetik egin ditudan erresidentzia artistiko guztiak nabarmenduko nituzke. Duela bi urte Angoulêmen egon nintzen, Frantzian. Iaz, aldiz, Polonian egon nintzen beste neska batekin, Etxepare institutuaren eskutik. Oso proiektu interesgarria sortu genuen bertan, autoekoizpenari buruz. Oso esperientzia interesgarri eta politak izan ziren. Asko ikasi nuen.
Baduzu bestelako egitasmorik esku artean?
Ingalaterrako argitaletxe batekin lan egiten nago. Zientzia fikziozko liburu bat ilustratzen ari naiz. Oso gauza interesgarria da, ez dut inoiz halakorik egin. Poster batzuk ere sortu behar ditut. Badut lana, baina une honetan ez dut erakusketa gehiagorik.
Beti nago paraleloan nire gauzak egiten, baina une honetan La Casonako erakusketarekin nago buru-belarri.