Urko Blanco Fuentes mediku laudioarra Aiaraldea hedabidearekin jarri da harremanetan iragan asteburuan Aizkorrin jazotako heriotza dela eta. Gizon bat zendu zen bertan igande goizean, ondoezik sentitu ostean. Amurrioko bizilagun bat eta bere bikotea bertan zeuden, eta gizona erreanimatzen saiatu ziren.
Gauzak hala, biek eginiko lana eskertu eta goraipatu ditu Blancok. Osakidetzaren helikopteroan lan egiten du berak eta, nabarmendu duenez, bi pertsona horiek izan ziren zendutako mendizaleari erreanimazio kardio-pulmonarra egiten egon zirenak, helikopteroa iritsi zen arte.