Etxegoienbideko aparkalekuetako eta ludotekako obrak esleitu ditu Amurrioko Udalak. Lehena LKS Ingenieríak egingo du 18.089 euroren truke, eta bigarrena URA Arquitecturak 8.954 eurorengatik.
Tokiko erakundeak nabarmendu du bi proiektu horiek amurrioarrek aukeratutakoak direla, “aurrekontu parte-hartzaileen programaren bidez”. Etxegoienbideko lanen bidez 56 aparkaleku berri sortzea eta zirkulazioa hobetzea izango da helburua, bidearen tarte batzuetan erreiak zabalduta.
Ludoteka, aldiz, zerotik sortuko da, Armurulanda plazako beheko solairuan dagoen lokala egokituta. “Bertan, haur bakoitzaren adinera egokitutako jolaserako hainbat gune sortuko dira”, azaldu du udalak.