Nerbioiko ur-jauzia da Gorobel mendilerroko puntu ikusgarrienetako bat. Horren lekuko da inguruak erakartzen duen turista andana. Paseo erraza egiteko txoko ezin hobea da, ezbairik gabe. Ur-jauzia goitik edo behetik bisita daiteke.
Urduñako portua igota, Burgoseko lurretan barrena heltzen da bisitaria Nerbioiko ur-jauziaren ibilbidearen ohiko abiapuntura. Aparkalekutik sorbururaino 2 kilometroko pista bidea dago. Gainera, Santiago mendirantz edo begiralekurantza luzatu daiteke bidea. Balkoi batetik bestera iristeko, 45 minutu eskas behar dira. Amildegi ertzetik doa bidexka, baina seinaleztatutako eremua izanik, arrisku guneak ondo identifikatuta daude, eta ertzetara ez hurbiltzeko oharrak daude zeharkaldian zehar. Halaber, otsoen bizitoki izan da eremua. Hargatik, nola Santiagoko zirkuituan hala Nerbioiko iturburuarenean, otsoak harrapatzeko baliatzen ziren zuloak begizta daitezke.
Delikatik jaiotzaren magalera
Bestelakoa da Delikak eskaintzen duen ikuspegia. Urduña hiriko bigarren biribilgunean hartzen da bertarako errepidea; zezen-plazaren parean. Ibilgailua "infernu" izenaz ezagunagoa den atseden lekuan utzi daiteke. Gainera, jatetxe-taberna bat dauka, ibilaldiaren hasieran zein amaieran indarberritzeko txoko berezia. Izan ere, errekaren ertzean itzal eta zelai freskoak ditu.
Hain zuzen, tabernaren aurretik abiatzen da ur-jauzirako txangoa. Errekaren ertzetik, salto txiki eta ertainen lekuko da pista. Familia edo lagun artean gauzatzeko txango erraza da, zailtasunik gabea. Gutxi gorabehera, 1.5 orduko bidaia da. Azken txanpa harri artean egin behar da, eta horrek xarma berezia ematen dio helmuga argazkiari. Txorrotaren azpira helduta, bide beretik itzultzen da Delikaraino.