Udaz blai

Mariaka, Peña Negra, Inordui eta Elexazar txirrindulaz

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abu. 19a, 07:00

Maria Menoyo amurrioarrak inguruko tontorretatik zeharkaldia proposatu du. 27 kilometroko itzulia da, gutxi gorabehera; baina ibilbidea laburtzeko aukera dago.

Amurriok aukera ugari ditu hainbat ibilbide gauzatzeko. Horietako asko bide seinaleetan markatuta daude, herriguneko paneletan. Alabaina, badira muino eta tontorren artean lotu daitezkeen zeharkaldiak ere. Maria Menoyo Amurrio Traileko kideak, horietako bat ekarri du mahaigainera.

Bizikletan ibiltzeko arropa erosoa, kaskoa eta ur botila eramatea gomendatzen ditu Menoyok, "nahiz eta ibilbideko tarte ugari itzalean egon, udan 2 ur botila eramatea egokia da". Ibilbideaz disfrutatzeko ez da "trebea" izan behar, baina aldapa bat edo beste igotzeko ohitura izan behar da, Menoyoren ustez. Orotara, 27 kilometro ditu gutxi gorabehera itzuliak. Tartean, Mariaka, Peña Negra (Aspaltza), Inordui, Jesuri eta Elexazar aztarnategia zeharkatzen ditu. Hala ere, ibilbidea laburtzeko aukera dago.

Mariaka dorrera txangoa

Guk eskultura da ibilaldiaren irteera eta helmuga. Katekesi aretoko biribilgunetik, Nerbioiko parke lineala hartu behar da. "Aurkitzen dugun lehen bidegurutzean eskuinetara hartu erreka gaineko zubia igarotzeko", zehaztu du; Abiagara iristen da horrela. Bide seinale horiekin markatutako "Mariaka dorrea" norabidea hartu behar da segidan, "erreka ezkerraldean utzita zuhaitz politak ikusi ahalko ditugu". Egurrezko zubia zeharkatuta, eskuineko bidea jarraitu behar da ondoren, Mariakako dorrea ikusi arte. Alabaina, Mariakara iritsi baino pittin bat lehenago, eskumara jo behar da, beste egurrezko zubi bat topatu arte, "PR eta zenbakiz seinaleztatuta dauden zutabeak jarraituko ditugu". Modu horretan, "Aspaltza" bidea bezala adierazitako norabidearekin lotuko dugu txangoa, Menoyoren esanetan. "Ibilbideko lehen aldapa malkartsura helduko gara, baina lasai hartuta arazorik gabe igo daiteke", dio.

Aspaltza "Peña Negra" eta Jesuri

"Malda bukatutakoan 'Pardio' gisa ezagututako lekura helduko gara". Baserriak eta Gorobeleko bista ederrak ikus daitezke bertatik. Bide nagusitik atera gabe, beste bidegurutze batera ailegatzen da: "Ezkerrera hartuko dugu. Metro gutxi batzuen buruan, berriro eskuinera joan behar da". Aldapa behera jaitsita, pinudian murgiltzen da bidaidea, "tarte politena da niretzat, gogorrena ere izan daitekeen arren. Otaka igoera amaituta, arnasa berreskuratzeko bide erraz eta malda beherakoa disfrutatuko dugu, Aspaltza edo Peña Negra norabideari segika. Tontorrera iristeko 3 bide daude, baina ezkerrekoa da errazena". 684 metro ditu gailurrak, eta Gorobeleko panoramika ezin politagoa du. 

Aspaltza edo Peña Negratik Jesurira ere bertara daiteke. Hesi baten paretik doa bidea, eta aldapa behera doa zati bat. Alabaina, malda gora bukatutakoan, pista bidea hartu behar da, Elorritxuganera iritsi nahi ez bada. Jesuriko gaina (740 metro) zapaldu ostean, bide beretik itzuli behar da Elexazarreko bidegurutzera heldu arte. Elexazarreko aztarnategitik Inorduira dago zirkuituko aldaparik gogorrena. Hala ere, oinez 5-7 minutuan osatu daiteke tartea. "Bidezidorrean aurrera, metro gutxiren buruan ailegatuko gara Inorduira. Oskarbi badago inguruneaz gozatzeko puntu ezin hobea da", azpimarratu du Menoyok. Tontorretik jaitsita, lehen bidezidorrean eskumara egin behar da San Rokera iristeko. Bertatik Bañuetara hurbil daiteke, eta hala bizikleta garbitu, ur hornidura gunea baitago. Guztira, 2.5-3 orduko ibilbidea da, sasoiaren eta geldialdi kopuruaren arabera betiere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide