SOSLAIA

Manuel Garcia, "Manolo": gailurrera heldu den bizitza emankorra

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 29a, 11:47

Manuel Garciak oso gogoko zuen mendia. / Javi Aspuru

Uztailaren 27an hil zen Manuel Garcia "Manolo", 73 urte zituelarik. El Burgon -Malaga- jaioa, parte-hartzaile aktiboa izan zen Amurrion eta Aiaran hainbat herri ekimenetan zein politikan. Besteak beste, Mendiko Lagunak taldeko lehendakaria izan zen.

"Manolo beti zegoen prest eskuak luzatzeko, eta emateko. Oso pertsona emankorra zen", horrela gogoratu du Javi Aspuru lagun eta auzokideak Manuel Garcia. Bere aldetik, Txotxe Plaza adiskideak antzeko hitzak erabili ditu: "nik ezagutu dudan pertsonen artean, bera da besteei mesede gehien egin diena eta laguntzeko prestutasunik handiena zuena".

Astelehenean itzali zen bere bizitza eta gaur izango da bere hileta 17:00etan Amurrioko Santa Maria parrokian. Gero hilerrian omenaldia egingo diote. "Gutxienez txalo zaparrada eskainiko diogu, egin duen guztia eskertzeko", aipatu du Plazak. Bere ustez, nahiz eta Amurrion jaio ez zen, inork gutxik sentitzen zuen gehiago udalerria eta guztien ongizatearen alde lan egin zuen. 

Umiltasuna eta eskuzabaltasuna

"Hitz gutxietan deskribatu beharko banu bere izaera, nabarmenduko nituzke umiltasuna, desinteresa -inoiz ez zuen diruan pentsatu- eta sufritzeko gaitasuna besteen mesederako" adierazi du Txotxe Plazak. Elkar ezagutu ziren 1975ean Mendiko Lagunak Taldean eta hurrengo urtean, 1976an, zuzendaritzak proposatu zion lehendakaria izatea: "oso zentratua zegoen borroka sozialetan eta jendea batzeko abilezia zuen". Lau urtez presidente izan zen eta hamaika saltsetan ibili zen aldi berean.

Izan ere, Javi Aspuruk azpimarratu du une erabakigarrietan lan egiteko prestutasuna agertu zuela: "demokrazia sortzen hasi zen urteetan pertsona izugarri aktiboa izan zen".

Hainbat hamarketan herri mugimendutan lagundu zuen eta esparru politikoan Amurrioko Aukera koalizioaren zinegotzia izan zen 1979-1983 legealdian. Urte horietan Arabako Biltzarkidea ere izan zen. Alegia, gaixotu arte mantendu zuen bere konpromiso politikoa eta Aiarako EH Bilduko bileretara joaten zen. Aspuruk oroitu du Txokogorriren sortzaileetako bat ere izan zela.

Bestalde, Etxegoiengo biztanle moduan, han eraiki baitzuen etxea, ardurak zituen Administrazio Batzarreko ordezkari gisa.

Mendiko Lagunak eta Aresketa Ikastola

Berez, Manolok bi pasio elkartu zituen, mendizaletasuna eta euskara. "Euskara oso gogoko genuen biok, baina ez ginen gai izan ikasteko, gure belarriak ez ziren moldatzen. Hala ere, Manolok ahal izan zuen guztia eman zuen euskararen alde. Esaterako, nik proposatu nuenean Mendiko Lagunak Taldeko lokala lagatzea ikastolari Lehen Hezkuntzako klaseak emateko, babestu ninduen, beste batzuek ez baitzuten nahi" ekarri du gogora Plazak. Horren ondorioz, Amurrion ospatu zen Araba Euskaraz jaiaren edizioan omenaldia jaso zuten biek.

Edonola ere, Mendiko Lagunak Taldeak lokala izateko prozesuan ere garrantzitsua izan zen Manolo, Plazarekin batera bere etxea abal gisa jarri zuen bankuak dirua maileguan emateko.

Oro har, Mendiko Lagunakeko garai horretan zuzendaritzan aritutakoek oso oroitzapen onak dituzte Manolori buruz. Plazak argitu du: "Oso harro sentitzen gara ezagutu dugulako eta bere lagunak izan garelako. Taldeak ez luke ahaztu behar zein garrantzitsua izan zen. Iaz berarekin joan ginen taldeko aterpera, Llorengozetik. Fisikoki ez zegoen egoera onenean, baina horrela bera agurtzeko aukera izan genuen, lagunen artean. Ezin da ahaztu aterpearen hainbat kontu berak egin zituela: bankuak, atzeko itxiera... oso trebea zen". 

Esparru akademiko eta profesionalean, Manolo Garciak batxilergoko ikasketak amaitu zituen heldua izanik, eta horren ostean itsasontzi batean ibili zen, Javi Aspuruk oroitu duenez. Gero, ia 40 urtez Tubos Reunidos enpresako langilea izan zen, erretiratu arte.

Itsasoa eta bidaiak

Lagun mordoa ez ezik, lau seme-alaba ere izan zituen bere emaztearekin. Alaba bat Australian bizi da. Plazak erantsi duenez, horrek beste zaletasun bat abian jartzeko balio izan zion: "Azken urteotan bidaiatzea oso gogoko zuen, itsasoan lan egin baitzuen. Australiara joan zen lagun batekin eta bidaia horretan ere erakutsi zuen zein lagun ona zen, bere adiskidea ez baitzegoen guztiz ondo eta hara eramatekomoldatu zen".

Gaur arratsaldean, ordea, Manuel Garciaren bidaiaren azken atala idatzi dute Amurrioko hilerrian, samina eta harrotasuna uztartuta:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide