2.000 jarraitzaile lortu dituzte denbora gutxian Adigrafik enpresako Iraia Aspuru eta Laura Saratxagak. Diseinatzaile grafikoak dira, eta "Sorpresa opariak" proiektua sortu dute. Duela 2 urte abiatu zuten egitasmoa: "Lagunentzat egiten genituen diseinuak Facebookera igotzen hasi ginen, baina garrantzia handirik eman gabe. Iazko maiatzean sorpresa galanta hartu genuen, Euskal Herri osotik irakasleentzat eskari mordoa heldu zitzaizkigunean. Orduan konturatu ginen poriektuak irteera eduki zezakeela".
Umeen jaiotzak dituzte protagonista nagusi, hein batean: "Ideia gure lagunek haurrak edukitzen hasi zirenean sortu zitzaigun. Ez genuen euskaraz ezer topatzen, eta guk sortzea erabaki genuen".
"Ideia gure lagunek haurrak edukitzen hasi zirenean sortu zitzaigun. Ez genuen euskaraz ezer topatzen, eta guk sortzea erabaki genuen"
Euskararen aldeko apustua egin dute: "Sorpresa hitzak maitemindu gintuen. Gehienetan euskal hiztunek erosten dute, baina askotan erdaldunek euskarazko produktuak nahi dituzte. Jendeak "super aitite kikara" nahi izaten du, adinduen artean euskara hemen asko erabiltzen ez den arren ez luke zentzurik izango "super abuelo" oparitzea aititeri".
"Harrera oso ona"
Katiluak, poltsak, jaiotza txartel edo hatz-marka koadroak eta abar diseinatu dituzte. Iraia Aspururen esanetan, oso harrera ona izan du proiektuak. Garaiaren arabera eskaera izarrak aldatzen dira, hala ere: "Normalean hainbat diseinutako kikarak dira salduenak, baina ikasturtea amaitzean irakasleentzat poltsak eta kikarak berdin-berdin saltzen dira. Aurten, gainera, 'Amaren eguna' konfinatuta pasa dugu, eta 'super amatxu' eta 'amatxu zoragarria zara' kikarak asko saldu ditugu".
"Sorpresa opariak" ezizenarekin topatu daiteke euren informazioa eta ekoizpena Facebooken eta Instagramen: "Konfinamenduan Instagrami egurra ematen hasi ginen, eta hor ikusi dugu benetako gorakada. Azken hilabeteetan inoiz baino gehiago saldu dugu".
Aurrera begira, euskarri berriak probatu nahi dituzte: "Hilero ateratzen dugu diseinu berriren bat, data finkorik ez badugu ere. Egunero ari gara gure makinekin estanpatu daitezkeen produktu berrien bila, eta badugu baten bat buruan. Laster, adibidez, koadernoak prestatuko ditugu".