Nola zabaldu euskara kirol esparruan? Galdera horri erantzun nahian sortu zuen Amurrioko Udalak futbol eskola duela 3 urte, Etorkizuna taldearekin batera. Hala, igandero elkartzen dira Reforren 80 bat lagun bi taldetan. Iñigo Fraile arduratzen da egitasmoa koordinatzeaz: "Sei entrenatzaile ditugu bi taldetan". 6 urtekoan 30 bat ume daude, "eta 7 urtekoetan 55-60".
Futbolaren bidez euskara eskola girotik ateratzea dute helburu, "lau paretetatik kanpo ateratzea". Hala, jolasaren bidez hizkuntzaren erabileran eragitea bilatzen dute, horretarako herriko entrenatzaileak trebatuta: "Prestakuntzarako lau saio jasotzen ditugu, futboleko hiztegi teknikoa ikasteko, edota partaideen motibazioa areagotzeko baliabideak eskuratzeko". Fraileren esanetan, Etorkizuna taldekoek prestatzen dituzte kirol saioak, eta udalak euskaratzen ditu fitxak.
Hirugarren urtea dute aurtengoa. 6 urtekoei bideratutako jarduera gisa abiatu zen egitasmoa, baina adina luzatzea erabaki dute aurten, jarraipena beharrezkoa dela iritzita. "Umeekin batera jolas giroan euskararen praktika luzatzen saiatzen gara", dio ekimenaren koordinatzaileak.
Amurriokoa da "euskaraz entrenatzen" trebatzeko bailarako dinamika bakarra. Dena den, Araban badira mota honetako foro gehiago. Iaz, esaterako, Agurainen elkartu ziren 200 bat gazte futbol partidak euskaraz jokatzeko helburuarekin. "Aurten errepikatzea da asmoa", erantsi du amurrioarrak.
Araban horrelako 25 talde daude
Pozez gogoratzen du denboraldi amaierako topaketa Iñigo Frailek. Izan ere, 25 talde elkartu ziren guztira: "Futbolarekin batera euskara eta gauza gehiago lantzea da gure helburua, jolastea".
Formula magikorik ez badu ere, gakoa zein den garbi du, "futbolak gazteen artean arrakasta handia duenez, euskararen alde erabiltzea".
Frailek nabarmendu duenez, belaunaldi berriek erreferenteak behar dituzte. Izan ere, astean behin baino gehiagotan hartzen dute parte kirol jardueretan gazteek, eta entrenatzaileek saioen gidaritza duten heinean, eredu izan behar dute. Alegia, erdaraz mintzatuz gero, kirol espazio edo jarduera hori euskararena ez dela ulertzen dute haurrek. Etorkizuneko erronkez galdetuta, beste kiroletan ere mota honetako dinamikak sustatzea ezinbestekoa dela dio Frailek. "Amurrion, aurten, ekimena 7 urtekoen artera zabaltzea lortu dugu, adibidez. Esperientzia ondo ateratzen bada, 8 urte betetzean jarraipena izatea litzateke egokiena", aurreratu du. Horregatik, mota honetako ekimenetan parte hartzera animatu ditu herritarrak: "Nik ez neukan Etorkizuna taldearekin loturarik. Proiektuaren lehenbiziko urtean proposatu zidan udalak euskara sustatzaile gisa aritzeko. Egitasmoaren nondik norakoak azaldu zizkidaten eta baiezkoa eman nuen".