Udaz blai

Kobatxiki: Tertangako harribitxia

Aitor Aspuru Saez 2020ko abu. 23a, 06:30

Argazkiak: Juan Manuel Pérez de Ana eta Aitor Aspuru Saez

Amurrioko herrigunetik urrun badago ere, ezin dira ahaztu Arrastaria haraneko biztanleak, ezta bertako paisaia lasaiak; interesgarriak dira eta. Izan ere, Gorobel mendilerrorako hainbat sarrera bertan daude. Horietako bide batzuk ez dira derrigorrez mendikatearen tontorrean amaitzen, baina zenbait altxor gordetzen dute. Koba Txiki da horietako bat.

Leize horrek, berez, ez du balio espeleologiko aparta, baina egin behar den bidea aitzakia paregabea izan daiteke eskualdea hobeto ezagutzeko.

Hasteko, Tertangara heldu beharra dago. Aiaraldear batzuek ez dute jakingo zehazki non dagoen, baina heltzeko ez da GPS tresna piztu behar. Izan ere, Urduñara jo eta saihesbidea zeharkatzea nahikoa da. Burgoseko errepidea jarraitu ostean eta Urduñako mendatearen aldapak hasi baino lehen, kartel batek adierazten du 850 metrora dagoela herri arabar lasai hori.

Haraino joateko autoa erabiliz gero, tertangarren aholkua da ahalik eta lasterren aparkatzea ibilgailua, hau da, lehenengo edukiontzien alboan dagoen gune lauan. Horrek etxeen artean trafikoa egotea aurreztuko die bertakoei zein bisitariei. Izan ere, leku gutxi dago auto bat uzteko, herria txikia baita.

Behin arazo hori konponduta, ibilbideari ekin behar zaio. Izatez, paseoa ez da luzea, baina, nola ez, gomendagarria da ura eramatea, harrien artean ibiltzeko oinetako egokiak janztea, eta, esku finak izanez gero, eskularru batzuk baliatzea, soka bat edo harrietara heltzeko, minik hartu gabe. Edonola ere, azken hori ez da ezinbestekoa.

Baina itzuli gaitezen oinezkoentzako abiapuntura. Ibilgailua utzi eta gero, Tertanga zeharkatu behar da. Ez da trabesia handia eta bide nagusia jarraitzea nahikoa da. Eliza, etxe eta baserrien guneak atzean uzteak mendiko bidera eramaten du mendizalea, ezkerrera eta gorantza. Pista zabala eta argia da jarraitu behar dena, eta basora jotzen du. Ezkerrean ikus daiteke Tertanga bide horretatik, eta larreen artean doa, bi zuhaitz lerrok babestuta, bat eskuinean eta bestea ezkerrean. Ehunka metro gutxi egin ostean, metalezko hesi batekin topo egingo dute ibiltariek. Soka batek matentzen du itxita, gehienbat, abereen mugimendua mugatzeko.

Ondorioz, hesia erabili eta gero, errespetuzkoa da zegoen moduan uztea eta ixtea. Adeitasunez hori egin eta gero, pistak aurrera jarraitzen du. Ibilbidea aski argia da eta ez du inolako zailtasunik sortzen jarraitzeak, baina beherala ikusiko du bisitariak zergatik den paseoa uda garaikoa. Izan ere, hesia gainditu eta gutxira, ubidea zeharkatu beharra dago. Jakina, hilabete lehorretan ariketak ez du arazorik sortzen, ez baitago urik, baina garai euritsuetan oinak bustitzeko aukera asko daude.

Une horretatik aurrera, ibaiaren ertzaren ezkerrera egongo da bisitaria, eta hori erreferentzia baliagarria da.

Patxadaz hartuta, 20 minutuko paseoa du ibiltariak aurretik. Zeharkaldi benetan gustagarria da, nahiko laua eta Gorobelgo magalean dagoen baso politak lagunduta. Nekez topatuko du mendizaleak pinuren bat eta, aldiz, bestelako espezieak agertuko dira han-hemenka. Tarte lasai hori betetzeko pista nagusia zapaldu behar da, besterik gabe. Ez du inolako erronkarik suposatzen. Hori bai, uneren batean mendizaleak nabarituko du gauzak aldatzen direla: bat-batean malda bat agertuko da aurrean, une erabakigarria izango da. Alde batetik, ibilbidea gaiztotzen hasiko delako. Bestetik, bidegurutzea dagoelako malda amaitzen denean. Zehazki, aldaparen amaieran bideak bat egiten du ibaiaren ubidearekin. Ubidea gorantza jarraituz gero Koba Handira jo daiteke, baina leize horrek sarrera zailagoa du. Ordea, Koba Txikira heltzeko, ibaiaren ibilbidea gurutzatu beharra dago, eta Gorobeletik jaisten den beste ibai adarrera joan behar da.

Bi modu daude horretarako. Basoaren aldapa amaitu baino lehen dagoen hesi arrastoaren alboan -bakarrik alanbre apur bat eta makil bat geratzen dira- topatu daitekeen bideska hartu edo, behin ubidera helduta, eskuinera dagoen beste bideska -ibaiko ibilbidearen beste ertzean- hautatu.

Lehenengo bideska aukeratzen bada, Koba Txikitik jaisten den urak sortutako ubidea igo behar da, batzutan harri artean “eskalatuta”. Bidean, kate bat eta soka bat erabili beharko du ibiltariak.

Beste bideska hautatuta, harri artean joan beharko da ere mendizalea, baina zati handi bat aurreztuko du basoaren eta belarren artean.

Izan ere, hau da txangoaren alderik gogorrena -eta kitzikagarriena ere-. Minutu batzuk gora eginda, azkenik, bisitariek Koba Txikia topatuko dute. Sarreran harri handia gaindituko dute, eta gero 20 metroz barneratu daitezke arazorik gabe, aintzat hartuta, hori bai, gero putzutxoa topatuko dutela eta busti daitezkeela.

Urduñako zenbait espeleologoren aholkua da, barrura sartu nahi izanez gero, tresna aproposak eramatea -ur botak, kaskoa, eskularruak, argia...- eta gutxiengo hori beteta, barruan gozatzea. Eskarmentua duten tokiko espeleologoek uste dut leku aproposa dela hasiberrientzat, blokeen artean eta pasarte estuagoren batean jolasteko.

Esplorazioak norberak nahiago duena iraun dezake, 40 minutu azkar eginda edo pare bat ordu tokiko berezitasunei erreparatuta. Horien artean dago saguzar kolonia, eta, nola ez, errespetatu behar da, eurak baitira bertako benetako biztanleak. Askotan, animaliak leizeko azken galerian daude eta han altuera txikiagoa da.

Behin Koba Txikitik aterata, egindako bidea errepikatu daiteke, baina kontrako norabidean. Berez, jaitsierari ekin baino lehen, ideia ona izan daiteke hamaiketakoa leizearen sarreran egitea eta Arrastariako haranaren zein Aiaraldeko zati handi baten paisaiaz gozatzea.

Txango osoa ez da oso luzea eta 3 ordutan, norberaren erritmoaren arabera, amaitu daiteke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide