Nolatan hasi zinen urpekaritzan?
Txikitatik izan dut itsasoarekin harreman estua, gurasoekin hondartzara joaten ginen askotan eta uretatik atera behar izaten ninduten etxera bueltatzeko… Betidanik maite izan dut itsasoa.
2013an, Mexiko bidaiatzen nengoela, Madrilgo mutil bat ezagutu nuen, Oscar. Berak “Mar Adentro” urpekaritza eskola kudeatzen zuen Mexikoko karibean, eta bera izan zen “erruduna”. Beti “apnea” edo snorkelekin urazpian gustora ibili naiz, baina niretzako, minutu bat baino gehiago ur azpian egoteko esperientzia biziz geroztik, uraren azpiko bizitza ikusteko modua aldatu zitzaidan.
Nazioartean ibili zara, ezta? Nondik? Zertan?
2013. urtetik aurrera, ahal izan dudanean, nazioarteko bidaiak egiten jarraitu dut: Indonesia, Tailandia, Filipinas, Sri Lanka, Maldivas… Guztietan urpekaritza ikastaroak egiten saiatu naiz, maisu profesionala izan arte. Batez ere indonesia bihurtu da nire bigarren etxea. Bertan lagun min asko egin ditut, bahasa indonesia hizkuntza ikasi, puntatik puntara bidaiatu nuen. Azken urtean Komodo parke nazionalean 5 hilabete igaro ditut bizitzen eta “dive master” ikastaroa ateratzen. Bertako jendea ezagutu dut, eta herriko eskolan parte hartzen nuen askotan ikasleei nire esperientzia kontatuz, batez ere azpimarratzeko zein inportantea den natura zaintzea horrelako lekuetan urpekaritzan aritzeko eta ekosistemak mantentzeko.
“Herriko eskoletan parte hartzen nuen ikasleei nire esperientzia kontatzeko. Oso inportantea da natura zaintzea horrelako lekuetan urpekaritzan aritzeko eta ekosistemak mantentzeko”
Eta Euskal Herrian? Noiz murgildu zinen kostaldeko barrenetan?
Euskal Herrian duela 3 urte hasi nintzen urpekaritza egiten, batez ere Elantxobetik, “punkmarinos” deitutako talde batekin. Aurreko urteetan ez nintzen asko aritu, bereziki, hozkirri huts bat naizelako, eta itsasoaren egoerak batzuetan gogorrak direlako. Alabaina, aurten, ezagututako lagun hauek Elantxobeko “Bou Nabarra Buceo” urpekaritza eskola ireki dute konfinamendua bukatu eta gero, eta ahal dudan bakoitzean haiek laguntzen hasi naiz.
Euskal Herrian zein toki duzu gogokoen? Zergatik?
Euskal Herriko kostaldea istorioz beteta dago. Niretzat oso berezia da Urdaibaiko eremua, ur azpian altxor natural mordo asko baitaude. Elantxobetik hurbil Ogoñoko kobazuloak daude, bertan 5 kobazuloetan zehar aritzen gara, eta egun eguzkitxuetan kobazuloetatik ateratzean badirudi Mexikoko zenote batean zaudela. Argi hori ur azpian urdin argi bihurtzen da, leku berezi bat.
Bestalde, Matxitxako eta Bermeo artean Mina Mary deitutako itsasontzia dago urpean. 1963an hondoratu zen, eta 35 metro barrura dago. Nola urperatu zenaren istorioak zalantza asko sortzen dizkigu, baina bertan itsas bizitza handia ikus dezakegu. Horregatik neretzat ere magikoa da.
Zer du zuretzat urpekaritzak berezia? Urpeko bizitza nolakoa da?
Niretzat urazpiko naturarekin lotuta egoteko aukera da. Bertan bizitza, koralak ta animaliak nola garatzen diren ikusita berezia sentitzen naiz, eta gainazaleko ohikeriatik isolatzea lortzen dut. Urpeko bizitza badirudi estralurtarren film batetik aterata dagoela, forma, kolore, grabitate gabeko eta mugimendu motelengatik. Egia esan oso bitxia da, eta gero eta gehiago ezagutzeko gogoa dut. Munduko leku guztietan itsaspeko bizitza aldatu egiten da eta portaera desberdina du, baina toki guztietan du bere xarma.
Ingurumena zaintzeko beharra askotan azpimarratu da. Kostaldeko Osasuna nola ikusten duzu?
Ingurumena zaintzeko beharra daukagu edonon, bai lurrean eta baita urazpian ere. Dena itsasoan amaitzen dela dioen esaera bat dago, eta askotan latak, plastikozko deseginak etabar jasotzen ditugu itsasoaren hondotik.
"Dena itsasoan amaitzen dela dio esaerak. Askotan latak eta plastikozko deseginak jasotzen ditugu itsasotik. Asko dugu egiteko jendea kontzientziatzeko, itsasoa ez da zabortegia"
Gaur egun asko dugu egiteko jendea konturatzeko eta kontzientziatzeko, itsasoa ez da zabortegia. Konfinamendua itsasoko osasunean onerako nabaritu da, baina bi hilabete pasa dira eta berriro ere berdinetan gaude. Nolanahi ere, nahiko ondo dago beste leku batzuekin alderatuta.
Zer behar da urpekaritzan aritzeko? Zenbat denboran ikasi daiteke?
Lehenik eta behin, arnasketa edo entzumen arazorik ez izatea behar da, horiek baitira ariketa hau egiteko organo nagusiak. Gero aire-botila bat, txalekoa, aire-erregulatzailea, hegatsak, maskara, neoprenoa eta pisuak behar dira. Hau da, dirua inbertitu behar da materialean, horregatik, lagun horiekin batera, urpekaritza industriari buelta ematen saiatzen ari gara, mundu guztiarentzat eskura egon dadin gure aldetik ahal dugun guztia jarrita.
Egun batean, “bataioa” deitzen dioguna egiten ikas daiteke. Erreguladorearen bidez arnasa lasai hartzen ikasten da, txalekoa erabilita, eta fisikari eta fisionomiari buruzko oinarrizko 4 gauza azaltzen dira; oso ariketa errazak dira, eta 12 metroko sakonerara jaits gaitezke instruktorearekin batera urpeko bizitzaz gozatzera.
Zein mezu bidaliko zenioke urpekaritzan animatu nahi duenari?
Nire iritziz, ikusi besterik ez dago, gure planetaren %70 baino gehiago ura da. Beraz, aukera handia da geruza horren azpian zenbat daukagun jakiteko, eta egunen batean probatu ahal badu, zalantzarik gabe egiteko esango nuke, ur azpian beste mundu mota bat daukagulako eta jende askok ez du altxor hori ezagutzen.
Azkenik, urpekaritzari buruz edonork zalantzaren bat badu, konpromisorik gabe nirekin harremanetan jartzera gonbidatzen dut. Eta milesker Aiaraldea komunikabideari gai honi buruz hitzegiteko aukera izateagatik. Osasuna ta burbuilak!