Azkenean ez da ekintzarik egingo Amurrion sanrokeak ordezkatzeko. Udalak hainbat kultur ekintza zituen programatuta baina, gaur jakinarazi duenez, atzeratu egin ditu. Zehazki, abuztuaren 13, 14, 15, 16 eta 17rako aurreikusitako jarduerak dira baztertu direnak, eta ez dute zehaztu noiz egingo dituzten.
Hala azaldu du Josune Irabienek: “Jaiak osasun publikoarengatik utzi dira bertan behera. Gainera, egunero agerraldi berriak ikusten ari gara”. Gauzak hala, alkateak nabarmendu du ezin direla “beste herri batzuetako irudiak” errepikatu. Hori dela eta “zuhurtzia, errespetua eta ardura indibiduala eta kolektiboa”, eskatu dizkie bizilagunei, “herritarrak arriskuak jar ditzakeen edozein jende pilaketa saihesteko”.
Jai herrikoiak ere, atzeratuta
Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak ere bertan behera utzi ditu egun horietarako programatutako ekintzak. Hala ere, datozen egunetan aterako diren “deialdi eta oharretara” adi egoteko deia luzatu diete herrikideei.