Mobilizazioa egingo dute igandean jai herrikoien alde, eta bertan behera utzitako ekintzak irailetik aurrera gauzatuko dituzte

Txabi Alvarado Bañares 2020ko abu. 13a, 07:10

Iazko jaietako irudi bat. / Aiaraldea.eus

Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak jakinarazi duenez, irailetik aurrera egingo dituzte jaien datetarako prestatuak zituzten ekintzak.

Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak oharra atera du, jaien datetarako prestatua zuen egitaraua bertan behera uztearen erabakia azaltzeko. 

Batzordeko kideek oroitu dutenez, otsailaren 9an egin zuten aurtengo jaiak prestatzen hasteko lehen bilera. Baina koronabirusaren krisiak “ezustean” harrapatu zituen, “aurretik eginiko lana hankamotz utzi eta hiru hilabeteko geldialdia eraginez”. 

Konfinamenduren ostean, “osasuna” jarri zuten erdigunean batzordeko kideek, “taldearen funtzionamendua eta jai eredua birplanteatzera bultzatuz”. Hiru eguneko egitarau osatzeari ekin zioten, abuztuko hirugarren asteburuan garatzeko asmoz.

Nabarmendu dutenez, jarduera horiek aurrera eramateko “segurtasun plana” osatzeari ekin zioten aldi berean. 

Udalarekin bilerak

Batzordeko kideek azaldu dutenez, Euskal Herriko beste toki batzuetan ere plazaratu dira eurek prestatzen ari zirena bezalako “planteamendu herrikoiak”, baina instituzioek “oztopoz” bete eta, ondorioz, bertan behera utzi behar izan dituzte, salatu dutenez. “Herrietako eragile xumeen proposamen herrikoiak zapuztearekin batera, batzorde ez irekietan diruz kudeatutako hiru kontu egitera mugatu dira, agerian utziz zein den defendatzen duten jai eredua”. 

Azaldu dutenez, iragan astean udalarekin bildu zirenean horrek egitarauaren “%90a” bertan behera utzi nahi izan zuen, Batzordeko kideak hori “aurrera eramateko gai ez zirela” argudiatuta.

Aste honetan izandako bileran, aldiz, akordioa lortu zuten tokiko erakundearekin, oharrean zehaztu dutenez. Jaien datetan egingo ziren ekintza guztiak bertan behera uztea adostu zuten, bai udalaren partetik egingo zirenak eta baita Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak prestatutakoak ere. “Elkarlanerako unea dela ulertzen dugulako eta ez elkarri mokoka aritzekoa”. 

Mobilizazioa igandean

Hala ere, batzordeko kideek nabarmendu dute egitaraua ez dela bertan behera geratuko. “Herrian urte osoan eragiteko apustua egin du batzordeak. Egitaraua irailetik aurrera gauzatzearen konpromisoa hartzen dugu, egoerara moldatuta betiere”. 

Gainera, igandean -abuztuak 16- mobilizazioa egingo dute, 13:00etan udaletxearen aurretik abiatuta. Gauzak hala, bertara joateko eta asteburuan zehar “konpromisoz eta erantzukizunez jokatzeko” deia luzatu die batzordeak herritarrei. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide