13:00etan izan da mobilizazioa, jai herrikoien alde. Aste hasieran iragarri zuen Amurrioko Jai Herrikoien aldeko Batzordeak aurtengo egitaraua bertan behera uzteko erabakia. Udalarekin adostu zuten ekintzak atzeratzea, koronabirusak eragindako pandemia dela eta.
Dena den, irailetik aurrera gauzatu nahi dituzte aurreikusitako jarduerak, adierazi dutenez. Gazteak izan dira nagusi mobilizazioan, eta musika lagun aldarrikatu dute festa beharra. Ordezkariek azpimarratu dutenez, "bizitzak eta osasun publikoa" jarri nahi izan dituzte erdigunean, eta horregatik egin dute egitaraua atzeratzeko hautua: "Aste honetako geldialdiak ez du esan nahi egitaraua bertan behera geratu denik. Batzordeak urte osoan zehar herrian eragiteko apustua egin du, eta egitaraua irailetik aurrera gauzatuko dugunaren konpromisoa hartzen dugu, beti ere egoerara moldatuta".