Baranbiotik 3 kilometrora dago, gutxi gorabehera, Arlamendi. Arriolamendi izenez ere ezaguna da ingurua, harrizko harrobiak ezaugarritzen baitu, batik bat. Bertan dago haztegia, eta hango pareta da konponduko dutena. Baranbiorena da lur horien jabetza, Zuiarekin muga egiten badu ere. Hargatik, Aztarna etnografia elkartea arduratuko da proiektua gauzatzeaz. Aurreratu dutenez, informazioa eragilearen webgunean plazaratuko dute. Auzolana baliatuko dute horretarako, jakinarazi dutenez.
Funtsezko mintegia
Arlamendiren funtzioa inguruetako herri eta baserrietan haritzak edo pagoak landatzeko baliabideak sortzea zen. "Mintegiak 5.000 metro koadro inguruko azalera du; horma 300 metro luze da, eta 2 metro garai. Hau da, 600 metro koadroko azalera du", adierazi dute Aztarnakoek. Izenak harrobiei egiten die keinu, "mintegia han eraiki zen, inguru hartan, 'Arri-ola-mendi'-n, harrizko harrobiak daudelako. Ez dago eraikuntzari buruzko daturik. Baina, dauden datu guztien arabera, XVIII. mendekoa da, eta 500 metro lehenago “mintegi zaharra” dago, Orozko udalerriarena".
XVII.mendekoa da mintegia, eta Baranbiok 1901. urtean atera zuen enkantean mintegiaren aprobetxamendua azken aldiz
Gaur egun, harizti eta pagadi ederrak ikus daitezke bertan, Aztarnakoen hitzetan. Historikoki eta ekonomikoki ere ustiatu izan da espazioaren aberastasuna: "1901ean, Baranbiok azken aldiz atera zuen enkantean mintegiaren aprobetxamendua. Izan ere, Arlamendiko mintegia bakarra da haren tamaina eta eraikuntza kontuan hartuta".
Arlamendira nola heldu
Garrastatxutik abiatuta, Arlamendirako ibilbidea 7,5 kilometrokoa da; "nahiko laua da, eta bi orduan egiten da, erraz". Luiso Lopezek eskura jarri du ibilbidea Wikiloc plataforma digitalean, ibilaldiaren argazkiak barne: