Hego Euskal Herria 20 ordutan zeharkatuko du Iñaki Llanok larunbatean, Barrerillara 30 aldiz jarraian igo eta gero

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 3a, 11:00

Iñaki LLano bizikleta gainean./ I. LL.

Iñaki Llano txirrindularia 20 ordutan igaroko da larunbatean Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoatik. Elkartasun ekimena izango da eta lortzen duen dirua Ataxia-telangiektasia gaixotasuna ikertzera bideratuko dute.

Larunbatean 03:00etan abiatuko da Iñaki Llano txirrindularia Amurriotik. Bilboraino joko du eta Donostiara joango da kostaldetik, gero Altsasuko bidea hartu, eta handik Gasteiz izango da hurrengo helmuga Amurriora itzultzeko. Dena 20 ordutan egitea da bere asmoa. "Idealena 17:00etan edo 19:00etan heltzea izango litzateke", azaldu dio Aiaraldea Hedabideari.

2000 euro bildu ditu Iñaki Llanok erronkaren bidez, eta AEFAT elkartera bideratuko ditu

Elkartasun erronka izango da larunbatekoa. Izan ere, eskuratutako dirua AEFAT elkarteari emango dio Llanok, Ataxia-telangiektasia gaixotasuna ikertzeko. Horretarako www.migranodera.org webgunean crowfundinga sortu zuen, eta ibilbideko kilometro bakoitza 5 eurotan saldu zuen, guztiek eroslea topatu arte.

400 kilometro izan dira eta, ondorioz, 2000 euroko ekarpena egingo dio AEFATi.

Printzipioz, Iñaki Llanok egingo du bakarrik bide osoa, baina zenbait lagun batuko dira tarte batzuetan; adibidez, gaixotasun hori duten bi umeren Amurrioko aita bat. 

Halaber, auto bat joango da txirrindulariarekin laguntzeko, eta edaria edo janaria zein arropa garbia eramango dizkio.

LLanoren asmoa da ahalik eta gutxien gelditzea: "10 minutuko atsedenaldia hartuko dut Donostian, zerbait solidoa jateko, baina ez gehiago".

Barrerillan marka 

Alberto Contador txirrindulariak modan jarri zuen duela gutxi beste erronka bat; Everestinga. Horretarako 78 aldiz igo zuen 1.700 metroko aldapa bera. 

Everesting erronka egin zuen uztailaren 25ean Llanok Barrerillara 30 aldiz igota

Lagun batzuekin hitz egiten zuen bitartean, batek adierazi zion Everesteko altuera bera zirela Barrerillara 28 igoera. "Nik esan nion 28 egiteko, nahiago nuela 30 egitea" oroitu du Llanok.

Uztailaren 25ean ekin zion bideari txirrindulariak, eta 15 ordu eta erdi behar izan zituen horretarako: "Goizean jendea egon zen nirekin eta ondo egin nuen, baina eguerdian tenperatura 38 gradura heldu zen, eta bakarrik geratu nintzen. Une txarra bizi izan nuen 19. igoeran. Nire buruari hasi nintzen galdetzen zer egiten nuen hor, erokeria iruditu zitzaidan, baina ondo egiten ari nintzen eta jarraitu egin nuen bukatu arte".

Ultrafondo lasterketa

Kirolariaren hasierako helburua pandemia agertu arte, Espainiako Ultrafondo Lasterketan parte hartzea zen: "24 orduz zirkuituan bueltak ematea suposatzen du horrek. Prestatzeko ordu pilo eman ditut bizikleta gainean entrenatzen, prestatzaile batekin. Horrela lortzen duzu eustea proba osoari. Psikologikoki ere landu behar da, uneren batean gorputzak amore eman nahi baitu". 

Iñaki Llanok azpimarratu duenez, lanketa psikologikoa funtsezkoa da horrelako erronketan: "Fisikoki prestatzea ezinbestekoa da, baina ez dagoenez denbora mugarik, ez da hain garrantzitsua. Hala eta guztiz ere, ordu asko dira txirrindula gainean, buruak une kritikoak sortzen ditu eta gainditu behar dira". Ondo baino hobeto daki hori Llanok, SC Llodianako entrenatzailea baita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide