Atzo agertu zen hilda Igor Gonzalez Sola euskal preso politikoa bere ziegan, Martutenen. Gertatutakoa salatzeko manifestazioa deitu dute Sarek eta Bakearen Artisauek biharko, Bilbon. Gaur, aldiz, Amurrion egingo dute mobilizazioa, 19:30ean herriko kioskoaren parean.
Gonzalez Sola bilbotarra 2005. urtean atxilotu zuten, dokumentuak faltsutzea eta armak gordetzea leporatuta. Hainbat egun igaro zituen inkomunikatuta, eta torturatu egin zutela salatu zuen. 20 urteko kondena betetzen ari zen. Iragan martxoan bete zituen zigorraren hiru laurdenak eta uztailean lekualdatu zuten Martuteneko espetxera. Gauzak hala, ordutik aurrera aske egon beharko litzateke, Espainiako legediaren arabera. Bi aldiz saiatu zen bere buruaz beste egiten, 2008an eta 2009an.
Kartzelan zendutako hemeretzigarren euskal preso politikoa da bilbotarra.