Iñaki Llanok 15 ordu behar izan zituen elkartasun erronka betetzeko larunbatean

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 7a, 10:00
Iñaki Llano hainbat gazterekin Amurrioko Juan Urrutia plazan, helmugan./ I. Ll.

Team Yurrebaso taldeko kide eta SC Llodianako eskolako entrenatzaileak elkartasun ibilbidea egin zuen larunbatean. Amurriotik atera zen eta Bilbo, Donostia, Altsasua eta Gasteiz zeharkatu zituen herrira itzuli aurretik. Horren helburua Ataxia Telangiectasia gaixotasuna ikertzeko dirua eskuratzea izan zen.

15 ordu, 46 minutu eta 8 segundo behar izan zituen Iñaki Llano txirrindulariak larunbatean, iragarritako ibilbidea betetzeko, 400 kilometro baino gehiago guztira. 

Probak elkartasun helburua zuen, eta eskuratutako dirua Ataxia Telangiectasia gaixotasuna duten pertsonak laguntzera bideratu zuen. Zehazki, kilometro bakoitzeko 5 euro lortu zituen AEFAT elkartearentzat.

Gauzak horrela, gaueko 03:00etan abiatu zen Llano Amurriotik, auto batek lagunduta. Handik Bilbora jo zuen, eta Bizkaiko hiriburutik Plentziara joan zen, euskal kostaldea jarraiki Zarautzeraino, gero Usurbilgo bidea hartzeko.

Llanok azaldu du une gogorrak bizi izan zituela Beasainen: "N-1 errepidea hartu behar da eta kilometro horiek oso zailak dira txirrindulariarentzat, auto ugari baitaude. Azkenean ordubete galdu genuen zati horretan".

Edonola ere, zailtasun horiek gaindituta, bere helburuari ekin zion, aitortu duenez, Zegaman lagun batzuk zituen itxaroten berarekin Gasteizeraino joateko. 

Jende gehiago batu zen egitasmora, hala ere. Ataxia Telangiectasia dituzten semeen gurasoak -Kepa Vallejo amurrioarra, adibidez- elkartu ziren Agurainen. Horrez gain, Langraitzen Team Yurrebasoko taldekideek ere bat egin zuten Llanorekin.

Azkenik, Urduñan zein Amurrion SC Llodianako eskolako txirrindulariek osatu zuten pelotoia. Horrela, ia 16 orduren ondoren, Iñaki Llano Amurrioko Juan Urrutia plazara heldu zen, familia eta adiskideak itxaroten ari zirelarik.

Ofizialki han amaitu zen lasterketa, baina oraindik bizikleta beste behin hartu behar izan zuen: "Semeek esan zidaten txirrindula gainean heldu behar nintzela etxera, eta, ondorioz, beste bi kilometro gehiago egin nituen".

Kirolariak aipatu du ondo dagoela, "gaur bertan umeak ikastetxean utzi ondoren, pare bat orduz entrenatuko dut". Hala ere, probak une gogorrak izan zituen: "kilometro askotan haizea izan nuen kontra eta indarren aldetik nahiko makal iritsi nintzen Urduñara".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide